Errugbi Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka berriz ere martxan jarri zen atzo Atsegindegin. Igandera bitartean egingo da eta jan edanaz gain, musika ere izango da. Landaren errugbi barneratzaile txapelketa ere antolatu da bihar.
Inaugurazioan Juan Rodriguez presidenteak eta Joxe Elosegi zuzendaritzako kideak urteko balorazioa eta datorren denboraldiko erronken berri eman zuten. Gaur 18:00etan irekiko da barra eta sukaldea 19:30etan, eta 23:00ak arte eskatu ahal izango da jatekoa. Itxi, berriz, egunero, gaueko 00:00etan.
Boletoak salgai pilota finalerako zozketan sartzeko
Bestetik, boletoak daude salgai Irribarria eta Urrutikoetxearen arteko eskuzko finalerako, bi sarrera zozketatuko direlarik. Zenbaki batekin bi sarrera irabazi daitezke eta zozketa 22:00etan egingo da Atsegindegin. Bertan egotea ezinbestekoa da eta bertan emango da saria. Irabazlea agertuko ez balitz berriz zozketatuko da boleto saritua agertu arte.
Bihar eta igandean, bestalde, eguerdiko 12:00etan irekiko dira barrak, eta sukaldea, 13:30etatik 15:30etara eta 19:30etatik 23:00etara. Denboraldi bukaerako bazkaria igandean, 14:00etan egingo da.
Giro onik ez da faltako azokan, egunero, eta gainera, bihar gaueko 21:30etan hasita, Bide batez trikiti taldeak joko du. Bestalde, bihar errugbi barneratzaile txapelketa egingo da Landaren, 15:00etan.