Atleta hernaniarren izenak ozen entzun dira egun hauetan.
Batetik, Eva Esnaolari omenaldia egingo diote igandean, Donostiako Zorroaga Fundazioak antolatutako Belaunaldiarteko Krosean. Bertan parte hartzeko izena eman dezakete oraindik, 8-14 urte bitarteko eskola umeek, eskoletan, eta 50 urtetik gorakoek, a.jimenez@zorroaga.eus helbidean edo 943 45 18 00 telefonoan.
Bestalde, Amaiur Velezek 16 urtez azpiko Espainiako txapelketarako minimoa lortu zuen larunbatean Durangon, 300 metro hesi proban; 47.50ekoa da minimoa, eta 46.70 egin zuen Velezek. Hori horrela, Espainiako txapelketan ariko da uztailaren 6 eta 7an, Gijonen.