Astigarragako eragile talde batek atzo aurkeztu zuen ekainaren 13tik 16rako antolatzen ari den Muttuai Fest jaialdia. Lau egunez, batez ere arratsaldez, musika eta arte eszenikoak kalera aterako dira; 20 emanaldi inguru egingo dira lau egunetan, kultur etxearen kanpoaldean, Murgia Jauregian, eta Apeztegi plazan.
Ekimena «lagunarteko elkarrizketa batean sortu» zela azaldu zuten atzoko aurkezpenean, festibaleko sustatzaile eta antolatzaileetako batzuek; Intermezzoko Iñigo Plazaolak, Astikoko Alfredo Ruizek, Zorione Etxezarraga alkateak, Musika Eskolako Maite Aranburuk eta Petritegiko Ainara Otañok. Helburuak dira, besteak beste, «kale giroa eta herri bizitza indartzea, eta herri merkataritza eta ostalaritzari ikusgarritasuna ematea». Horretarako, «Astigarraga tradizio haundia duen udalerria» dela aprobetxatu eta «herriko artistekin zein kanpokoekin» osatu dute agenda. Xehetasun gehiago larunbateko Kronikan emango dira.
Errifak, salgai
Festibala doan izango da, baina laguntza emateko, errifak salgai jarri dira 2 eurotan, herriko hainbat dendatan.
Ekainaren 16an egingo da zozketa; saria izango da Kako jatetxean lau lagunentzako afaria. Sare sozialetan ere emango da irabazleen berri.