Denboraldia bukatuta, urteroko zitari eutsiko dio Hernaniko Errugbi Elkarteak. Hamaseigarrenez, Garagardo Azoka egingo du ostegunetik igandera bitarte; edatekoa ez ezik, jatekorik ere ez da faltako. Hori guztia, elkarteari laguntza ekonomikoa emateko asmoz.
Ostegunean, inaugurazioa
Lau egunez izango da festa eta giro ederra, beraz, Atsegindegin. Eta horri guztiari hasiera emateko, ostegunean 18:00etan irekiko dira barrak. Dena den, 19:30etan Juanito Rodriguez presidenteak eta Joxe Elosegi, zuzendaritzako kideak denboraldiko balorazioa egingo dute, azokari hasiera emanez.
Inklusibo Txapelketa, larunbat arratsaldean
Baina Atsegindegin bakarrik ez, Landaren ere jarriko dute giro ederra larunbatean, errugbilariek. Izan ere, Inklusibo Txapelketa antolatu dute, hirugarren urtez, arratsaldeko 15:00etan hasi eta 19:00ak arte.
Zortzi talde ariko dira larunbatean, Errugbi Inklusibo Txapelketan.
Aurten, gainera, sekulako partehartzea izango du torneoak. Euskal Herriko taldeak ez ezik, kanpotik ere etorriko dira beste lau talde. Uni Bilbao eta Getxo bizkaitarrak, Gaztedi arabarra eta Hernani izango dira bertakoak; eta Cullera valentziarra, Almeriako Ura Clan, Toledoko Quijote eta Industriales madrildarra etorriko dira kanpotik.
Guztira, 16 partidu jokatuko dituzte, 25 minuturo bi partidu. Zortzi partidu jokatu ondoren, 16:40etan taldeko argazkia ateratzeko egingo dute geldialdia, eta 16:50etan ekingo diete partiduei berriro. Bukatzeko, hirugarren denbora egingo dute, 19:30etan; eta sari banaketa eta txapelketa bukaerako ekitaldia, iluntzeko 21:00etan.
Horrekin, bukaera emango diote, inklusioa bultzatzeko antolatutako jardunaldiei.