Oso bestelako hasiera eman diete Astigarragak eta Hernanik, Herriarteko Txapelketaren final laurdenei. Astigartarrek semifinaletara pasea gertu daukaten bitartean, ia aukerarik gabe geratu dira hernaniarrak.
Etxean jokatu zuen joanekoa Astigarragak, Txomiñenen, Zestoaren kontra. Eta hiru partiduetatik, bi irabazi zituzten; biak ere alde nabarmenarekin, gainera: Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiek 22-7 irabazi zuten kadeteetan, eta Harri Loidi eta Jokin Santxez 22-6 gailendu ziren nagusietan. Pena bakarra izango dute, Ganix Urdangarinek eta Aimar Mujikak ere aldearekin galdu zutela jubenil mailako partidua (5-22).
Orain, lortutako abantailari eutsi behar diote bueltakoan, ostiralean Zestoan, semifinaletara pasea lortzeko.
Txapeldunaren kontra, erronka zailegia Hernanik
Semifinaletara pase hori, oso urruti daukate hernaniarrek, joaneko partiduak jokatu ondoren. Azpeitian aritu ziren, iazko txapeldunen kontra, eta erronka haundiegia izan zen hernaniarrentzat: hiru partiduak galdu zituzten.
Kadete mailakoan, aurrena, 7-22 galdu zuten Unax Uitzik eta Unai Etxarrik, Egiguren eta Elosegiren kontra. Jubeniletan, berriz, 14-22 nagusitu zitzaizkien Alberdi eta Larrañaga azpeitiarrak, Xabier Salaberria eta Oihan Zugastiri. Eta nagusietan, azkenik, hernaniarrak faborito izan arren, galdu egin zuten Ioritz Arrietak eta Markel Lizeagak, Egiguren eta Murgiondoren kontra (19-22).
Hiru partiduak galduta, ia ezinezkoa dauka Hernanik, kanporaketa iraultzea, bueltako partiduetan. Edozein kasutan, etxean jokatuko du ostiralean, eta ezustekoa emateko asmoz aterako dira kiroldegiko frontoira. Galtzeko ezer ez daukate hernaniarrek, eta bai maila nahikoa, joanekoan baino lan gehiago emateko.