Haundia egin dute palista hernaniarrek, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan: semifinaletan dira dagoeneko, joan den ostiralean Andoain kanporatuta.
Hernaniarrek bi partidu irabazi zituzten etxean, joanekoan Andoainen egin bezala, eta pasea ziurtatu zuten. Primeran ekin zion Iñaki Kerejetak, 20-6 irabazi eta kanporaketa ia erabakita uzteko, buruz burukoan. Eta binakakoan ziurtatu zuten pasea, 20-18 nagusitu baitziren Eneko Lujanbio eta Mikel Manterola. Dena erabakita zegoela jokatu zuen Ander Arandiak, banaka zazpi barruan, eta 16-20 galdu zuen.
Orain, Azkoitia izango dute kontrario hernaniarrek, finalerako txartelaren bila. Azkoitiarrek Anoeta kanporatu dute final laurdenetan, 4-2 emaitzarekin. Hernaniarrek bezala, buruz buruko eta binakako partiduak irabazi dituzte, eta zazpi barruko biak galdu. Beraz, kanporaketa parekatua espero da.
Garazi Urdangarinek
txapela, Oiartzunen
Txapelketa gehiagotan ere aritu dira palista hernaniarrak, asteburuan. Eta txapela bat ere ekarri dute: Oiartzungo txapelketako finala irabazi zuen Garazi Urdangarinek, Nahia Eizmendirekin batera, Agirre eta Erasunen kontra (25-19).
Txapelik gabe geratu ziren, ordea, Joana Tolaretxipi, Maddi Iriondo eta Alaitz Barrenetxea. Euskal Jokoetan, Arabaren kontrako lehia erabakigarria galdu zuten, partidu osoan irabazten joan ondoren, baita zazpi tantoren aldearekin ere. Azkeneko tantoan erabaki zen partidua, arabarren alde (24-25), eta bigarren bukatu dute hernaniarrek.
Trinketean ere izan dituzte hainbat zita, hernaniarrek. Batetik, Espainiako Trinkete Txapelketan, irabazi egin zuten Maider Huizik eta Amaia Araiztegik, Mendillorriren kontra (15-12 eta 15-13), ligaxkako azkeneko partiduan. Asteburu honetan jokatuko dute semifinala.
Eta bestetik, Euskal Herrikoan, partidu bana irabazi eta galdu du Hernanik. Errekaleor taldearen kontra, Ariane Arrieta eta Amaia Irazustabarrena aritu ziren, eta 18-30 galdu zuten. Baina aldiz, irabazi egin zioten Societe Nautique taldeari, Huizik eta Araiztegik (30-15).
Beste bi partidu ere jokatu ditu Irazustabarrenak, asteburuan. Open Bizkaia Nazioarteko Torneoan, larruzko paletarekin, irabazi egin zuen Miriam Arrillagarekin, Isasmendi eta Ruiz de Azuaren kontra (7-8, 8-4, 8-3 eta 8-1). Eta irabazi egin zuen Legorretako jaialdian ere, Arrillagarekin berriro, Miren Larrarte eta Maddi Mendizabalen kontra (25-20).