Beste urte batez, Hernaniko kirol elkarteek hainbat hautagai proposatu dituzte, urteko Hernani Kirol Saria jasotzeko. Horien artean aukeratu dezakete herritarrek; gaurkoa da botoa emateko azken eguna.
Hiru sari
Sariak hiru ataletan banatuko dira. Batetik, emakumezko kirolari saria banatuko da. Hauen kasuan, Maider Altuna belar hockeyko jokalariaren eta Alazne Egiazabal arraunlariaren artean aukeratu beharko da.
Bigarren atala, gizonezko kirolari sariarena izango da, eta hemen ere, beste bi hautagaien artean aukeratuko da: Aitor urkia atleta edo Aitor Gorrotxategi pelotariaren artean.
Azkenik, kirol ibilbideari dagokion saria jasotzeko, hautagai bakarra dago: Jose Manuel Otxotorena futbolaria.
Azken botoak gaur, internet bidez
Atal bakoitzean saria zein hautagairi eman herritarrek erabakiko dute. Baina gaurkoa da botoa emateko azken eguna.
Horretarako, Hernaniko Udaleko Jarduera Fisiko eta Kirol sailaren webgunean sartu: kirola.hernani.eus/eu/hasiera. Era berean, Biteri kultur etxean ere eman daiteke botoa. 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake, gaur eguerdiko 12:00ak arte.
Sari banaketa, hilaren 22an
Botoa emateko epea itxita, hilaren 22ra arte itxoin beharko da, saridunak nortzuk izango diren jakiteko. Sari banaketa Azeri Bila lasterketaren ondoren egingo da, 19:30ak inguruan, Urbieta kalean bertan.
Hernani Saria kirol ibilbideari
Jose Manuel Otxotorena
1970eko hamarkadan Hernanin sortutako Elizatxo futbol taldean hasi zen jokatzen, ume zela. Gerora, CD Hernanira pasa zen, eta handik, Real Madrilera. Atezain izan da Real Madrid, Valencia CF, Tenerife, Logroñés, Racing eta Espainiako selekzioko taldeetan, eta entrenatzaile, Valencia CF eta Liverpool FC taldeetan; era berean, atezainen prestatzaile, Espainiako selekzioan. Bere ibilbide pro-fesionalean zehar hainbat titulu ere irabazi ditu; besteak beste, hiru Espainiako liga, Kopako liga bat, UEFAko bi kopa eta Zamora trofeoa, 1989an.
Emakumezko kirolari sarirako hautagaiak
Maider Altuna Lertxundi
Belar hockeyko jokalaria, Real Sociedad taldean; 13 urterekin debutatu zuen. Iberdrolako liga txapelduna izan da, baita Final Four-eko MVP eta pitxitxia ere. Liga Erregularreko bigarren jokalaririk onena izendatu zuten entrenatzaileek; aurten lehenengo dago, eta ligako fase erregularrean jokalari onenari saria ere eman diote. «Banekin Kirol Sariak bazirela, baina ez nuen uste hautatuko nindutenik!», dio pozik. Hala ere, etxekoak «kanpaina egiten» ari direla onartzen du; «Alaznek Kontxako Bandera irabazi du! Meritu haundia da!».
Alazne Egiazabal Miguel
Igeriketa eta waterpoloa probatu ondoren, arraun mundura egin zuen salto 2014 inguruan, eta Donostiako Arraun Lagunaken hiru denboraldi egin ondoren, laugarrenean San Juanera salto egin eta Kontxa irabazi zuen, 2018an. San Juan traineruarekin 11 bandera lortua da, eta 8 aldiz izan da titularra; ordezkoa, beste hirutan. «Lagun batek» esan zion hari ere, hautagaietako bat zela. Ez dauka argi nork irabazi dezakeen, izan ere, «jendearen aukera da», beraz, «edozeinek irabazi dezake, aukera guztiak posible dira».
Gizonezko kirolari sarirako hautagaiak
Aitor Gorrotxategi Iraola
2018an Bartzelonan jokatutako Pelotako Munduko Txapelketan txapeldun izan zen, eskuz binaka, Xabier Sanchorekin. Urtebete lehenago, 2017an, afizionatu mailako bgarren txapelketa garrantzitsuenean, Anleten jokatutako Munduko Kopan ere txapeldun izan zen, eskuz binaka. Gorrotxategik berak azaldutakoaren arabera, «bizilagun baten bitartez jakin nuen hautagai nintzela. Ondoren, kiroldegiko sarreran ikusi nituen gainontzeko hautagaiak». Eta horiek ikusita, ez dauka argi zer gertatuko den: «irekita egongo da. Besteak, kirolari haundiak dira: Aitorrek Euskadiko errekorra jarri du; Maiderrek Liga irabazi; eta Alaznek, Kontxakoa eta Liga. Maila haundia dute, eta oso gazteak dira!».
Aitor Urkia Perez
Real Sociedad atletismoko mailu jaurtitzailea da. Euskadiko junior mailako errekorra lortu zuen maiatzean, sei kiloko mailuarekin: 68.68 metroko marka. Espainiako mailan bigarren dago, eta horri esker, bi aldiz izan da nazioartean: Portugalen, nazioarteko topaketa, eta Tamperen (Finlandia), junioren mundialean. Bera ere, ezustean harrapatu dute Sariek: «lagun batek esan zidan hautagai nintzela maiatzaren 24ko gauean, eta ez nekien zeren inguruan ari zen hizketan...». Gainontzeko aurkariez dio «haien kiroletan oso onak» direla, eta denboraldi «oso ona» egin dutela. Eta bere kategorian Gorrotxategik irabaziko duela uste du, «pelotaren mundua Hernanin kotizatuagoa dagoelako».