Hiru aste besterik ez, Azeri Bila lasterketarako

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 1a, 02:00

Gertu dute dagoeneko, korrikalari hernaniarrek, urteko bi­garren lasterketa, etxean. Hiru aste besterik ez dira falta, Azeri Bila herri lasterketarako: ekainaren 22an izango da, arratsal­deko 18:30etan abiatuta.

Eta bertan parte hartzeko, dagoeneko zabalik dago izenematea. Interneten egin behar da, www.rockthesport.com edo www.kirolprobak.com web orri­etan, eta 10 euro dira. Aurten ere, iaz bezala, talde bezala par­te hartzeko aukera izango da, lau laguneko taldetan; eta kasu horretan, 8 euro ordain­du­ko ditu, bakoitzak.

Lasterketaren egunean ere izango da apuntatzeko aukera, irteera-helmuga gunean, arra­tsaldeko 16:00etatik 18:15etara; baina orduan, 16 euro izango dira izenematea.

Partehartzaile guztiek jasoko dute kamixeta bana opari, eta baita Pelotadendako erosketa bale bat ere.


Ibilbidea, iazko berbera

Joan den urtean aldatu zuten lasterketaren ibilbidea, herri barrutik gehiago ibiltzeko; eta aurten ere, iazko zirkuitu bera osatuko dute korrikalariek.

Urbieta kaletik abiatu, eta Izpizua eta Elkano kaleetan go­ra egin ondoren, Lizeaga au­zoan barrena ibiliko dira, gero Atzieta kaletik jaitsi eta Zin­ko­enean Kaxkora sartzeko. Andre Kaletik igo, Kale Nagusitik jai­tsi, eta Urbieta kalea hartuko dute berriro, osorik zeharka­tzeko. Latsunbe auzoan barrena ibiliko dira orduan, eta Ave Maria parkea zeharkatu ondoren, Urbieta kalera bueltatuko dira, helmugara bidean. Lau kilometro izango dira horrela, eta bi bider osatuko dute zirkuitua, 8 kilometro egiteko.

Saria jasoko dute aurreneko hiru gizonezko eta emakumezkoek, absolutuetan zein be­­teranoetan; eta baita katego­ria bakoitzeko aurreneko hiru her­naniarrek ere. Gainera, zoz­ke­ta ugari izango dira, partehar­tzaileen artean: bi lagunen­tza­ko asteburuko bidaia, Her­na­ni Bidaiakek eskainita; eta bi la­gu­nentzako otorduak, Fa­go­lla­ga, Errioguarda, Zu­mardi, Harro­bi, Zinkoenea eta Gunea jatetxeetan.

Izenematea 10 euro dira, eta taldeka apuntatuz gero, korrikalari bakoitzak 8 euro.

Haurren lasterketak, aurretik

Baina helduek bakarrik ez, haurrek ere izango dute aukera, korrika egiteko. Arratsal­de­ko 17:30etan hasiko dira, Haur Hezkuntzakoen lasterketarekin (150 metro). Segidan, 17:40etan, Lehen Hezkuntzako 1go eta 2ga­rren mailakoak abiatuko dira (300 metro); 17:50etan 3garren eta 4garren mailakoak (600 metro); eta 18:00etan 5garren eta 6garren mailakoak (1.200 metro). Eta azkenik, DBHkoak aterako dira, 18:10etan 1go eta 2garren mailakoak (2.400 me­tro), eta 18:30etan 3garren eta 4garren mailakoak (4.500 m).

Haurren lasterketetan par­te hartzeko, ekainaren 10etik 21era eman beharko dute ize­na: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara, atletismo pistaren ondoko lokalean. Lasterketa egunean ere izango da aukera, 16:00etatik aurrera. Partehartzaile guztiek jasoko dute domina, txutxeak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!