Dagoeneko argitaratu du Goizuetako Udalak, Goizueta informatzen udal aldizkariaren 9garren alea. Eta bertan, bukatu berri den legealdiari egiten dio errepasoa: 2015etik 2019ra garatutako «proiektu haundi nahiz txikiagoen laburpena» bildu du, zortzi orrialdetan.
Horretarako, sailez sail zerrendatu dituzte, egindakoak. Mendiari eskainitako arloa da aurrenekoa, eta bost izan dira, ekintza edo gertaera nagusiak. Batetik, Zuhaitz Eguna ospatu dutela, bi urtez. Bestetik, Artikutza Kontserbazio Bereziko Leku deklaratu dutela, 2016ko hasieran. Suteak ere aipatu dituzte bertan, legegintzaldiko arazo nagusienetako bat bezala, 730.292,15 euroko galera ekarriz. Horretan, nabarmendu dute «eskertzekoa eta eredugarria» izan dela, herritarren «erantzuna eta lanerako prestutasuna». Mendiaren atalean aipatu dute, baita ere, pinu sail haundien salmentak bukatu dituela Udalak, eta landaketetan esfortzu ekonomiko haundia egin duela.
Bigarren atal batean, Udal Aurrekontuei errepasoa egin diete, eta egindako inbertsio nagusien zerrenda osatu dute: Plazako zolaketa eta Gaztetxeko teilatua 2016an; zabortegiko obra 2017an; kale argiteria eta azokako teilatua 2018an; eta Gaztetxeko barrena, eskolako kaldera gela, udaletxeko igogailua eta Beko Landa, aurten.
Inbertsio nagusien zerrenda ere osatu dute aldizkarian: Plazako zolaketa, Gaztetxeko teilatua, zabortegiko obra...
Turismoari begira, monumentu megalitikoei eta Artikutzari indarra
Turismoaren arloan ere, egindakoak aipatu ditu Udalak, aldizkarian. Horrela, azaldu du lan haundia egin duela, monumentu megalitikoen ibilbideak txukuntzen, eta panel, poste, seinale zein planoak berritzen. Era berean, Artikutzara sarrera egokitu da Goizuetatik, eta ondo seinalizatu. Iberoko dorretxea eta zubia berritu izana ere aipatu dute turismoaren atalean, eta Zubimuxu aterpea sendotzen ari dela, nahiz eta kudeaketa ez duten Udaletik ateratzea lortu.
Hirigintzari dagokionez, bidegorria hobetu dute Errotatik Malenera, eta Malenetik Olatxorako proiektua egin dute. Plazako lur zolaketak, argiteria aldaketak, edota Goiko Iturriko pasabidea eta iturrira joateko bidexka ere aipatzen ditu; azkeneko hori, Laxaro Apezetxeari eskertu diote.
Gizarte Zerbitzuetan ere, Goizueta eta Aranoko herritarrentzat lokal berria irekitzearekin batera, hainbat ekintza aipatzen ditu: gizon tailerra eta autodefentsa tailerra; Bhutantxo eta Jubiloteka proiektuak; emakumeen partehartzea aztertzeko beka...
Komunikazioaren arloan, webgunea osatu eta udal aldizkaria sortu dute. Eta kulturari dagokionez, Azaro Kulturala zenetik, urte osoko programa egitera pasa dira.