Urumea ibaia garbituko dute gaur, auzolanean, aranoar eta goizuetarrek

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 1a, 02:00

«Jendeak udaran Urumea iba­iaren bazterrari ematen dion trataerarekin nekatu xamar», ibaia garbitzeko auzolana anto­latu dute gaurko, bai Aranon eta bai Goizuetan.

Goizuetan, goizeko 09:00etan jarri dute elkartzeko zita, he­rri­ko plazan. Hiru orduz ariko dira, 12:00etara arte, eta edonork hartu dezake parte, baina aurrez izena eman zutenek (atzo arte zen epea), asegurua ere izanen dute. Guz­tientzat, eskularruak, poltsak eta pin­tzak jarriko dituzte, eta arropa egokia eramatea go­men­datu dute, botak eta euritarako xira barne. Bukaeran, hamaiketakoa eskainiko diete, boluntario guztiei.

Goizuetako Udalak antolatu du gaurko auzolan saioa, Life eta Irekibai­ren laguntza eta finantziazioarekin.


Garbiketa, bazkaria eta jolasak Abañon, aranoarrek

Ordubete beranduago jarri dute hitzordua, aranoarrek. Goizeko 10:00etan bilduko dira Abañon, eta bertan eginen dute, Uru­mea ibaiaren garbiketa.

Kasu honetan, herritarren ekimena izan da, eta Aranoko Udalak eta Nafarroako Inguru­men Sailak lagundu dute. Anto­lakuntzak jarriko du, garbiketarako beharrezko materiala. Bo­luntarioei gomendatu die­te, oinetako erosoak eramatea.

Baina lanerako bakarrik ez, aisialdirako tartea ere izanen dute, Abañon. Izan ere, auzolanaren ondoren, bazkaria eginen dute bertan. Elkarrekin bazkalduko dute denek, norberak etxetik eramandakoarekin; baina postrea jarriko dute antolatzaileek, denentzat. Eta bazkalondoren, talde jolasetan ere ariko dira denak.

Auzolanean parte hartzeko, hori bai, aurrez eman behar zen izena, ostegunera arte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!