Herri osoan barrena zabalduko da gaur jai giroa, Astigarragako Herri Eskolako ikasturte bukaerako festaren aitzakian. Goiz eta arratsalde, hainbat ekintza egin ahal izango dira txoko desberdinetan.
Era berean, Arantzazuko Ama BHIko ikasleek taberna jarriko dute goizean.
Hiru gune
Egitaraua goizetik iluntzera artekoa da, eta hiru txokotan banatutako gunetan antolatuko dira ekintzak.
Guneetako bat frontoia izango da. Bertan hasiko dira eguneko aurreneko ekitaldiak. Aurrena, goizeko 09:45etan judo erakustaldia egingo dute ikasleek, eta ondoren, 11:00etan hasita, dantza emanaldia egingo dute. Tartean, sormen tailerrean aritu ziren ikasleek egindako lanak ikusteko aukera izango da, bertan.
Beste guneetako bat Foru Plazan jarriko da, eta bertan ere, goizeko 10:00etan jarriko dira martxan. Batetik, aurpegiak margotzeko txokoa jarriko da. Bestetik, artisten txokoa ere bertan jarriko da, eta jokoak ere izango dira, aukeran; dena, 10:00etan hasita, eta Haur Hezkuntzako ikasleei zuzenduta.
Azken txokoa eskolako patiokoa izango da. Bertan, Lehen Hezkuntzako 3garren mailatik 6garrenera arteko ikasleentzako Olinpiadak egingo dira.
Krosa, familia osoarentzako
Eguneko ekitaldi berezienetako bat, familia osoarentzako krosa izango da. Foru Plazan egingo dira hiru lasterketa, eguerdian.
Aurreneko txanda, 12:30etakoa, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako aurreneko mailakoentzako izango da, eta ume bakoitzak heldu batek lagunduta hartu beharko du parte. Hauen ibilbidea 500 metrokoa izango da.
Bigarren lasterketa jarraian egingo da, Lehen Hezkuntzako 2, 3 eta 4garren mailetako ikasleentzat, kilometro batekoa.
Azkenekoa, berriz, 5 eta 6garren mailakoentzako izango da, kilometro batekoa, baita ere.
Eguerdian krosean hartu ahal izango dute parte haur eta helduek; adinaren arabera banatuta egingo dira hiru txanda.
Musika, barrene herrikoia eta apar festa, bukatzeko
Eguna borobiltzeko, azken ekintzak arratsaldean egingo dira. Frontoian, 16:00etan hasita, disko festa izango da, eta aldi berean, barrene herrikoian parte hartu ahal izango da.
Azkenik, Foru Plazan, apar festa egingo da, 18:00etan.
Egitaraua
Txomiñenea frontoian
09:45, Ikasleen judo erakustaldia.
11:00, Ikasleen dantza emanaldia.
10:00-11:30, Sormen tailerreko ikasleen erakusketa.
16:00, Disko festa, eta barrene herrikoia.
Foru Plazan
10:00, Aurpegiak margotzeko txokoa.
10:00, Haur hezkuntzako ikasleentzat artisten txokoa.
10:00, Betiko jokuak Haur Hezkuntzako ikasleentzat.
12:30, HH-LHko ikasleentzat FAMILI KROSA (haur bakoitza heldu batekin joan behar da).
Jarraian, LH2-3-4 eta LH5-6 mailakoen krosa.
18:00, Apar festa.
Eskolako patioan
10:00, LH3, 4, 5, 6 ikasleentzat Olinpiadak.
Bertso jaialdia
Gu ere bertsotan, abil asko
Udalak sustatzen duen ?Gu ere bertsotan? ekimenaren barruan, ikasturte amaierako bertso jaialdia egin zuten asteazkenean Herri Eskolako 5 eta 6 mailetako ikasleek. Ikasturtean zehar landutakoa praktikan jarri, eta bertsotan haiek ere abilak direla erakutsi zuten.