Badute zer ospatua aurten, Osiñagako auzotarrek: Elorrabiko zubi berria eraiki dutela. Eta horregatik, bertan hasiko dituzte gaur, Osiñagako Jaiak. Bertaratzera gonbidatu eta animatu dituzte auzotar guztiak.
Goizeko 11:00etan hasita, zubiaren inaugurazio ekitaldia eta jaien hasiera antolatu dute Jai Batzordeak eta Hernaniko Udalak. Aurrena, lore eskaintza egingo dute monolitoan, eta segidan, tartekatuko dituzte zuaznabartarren txalaparta saioak, eta Iñigo Legorbururen bertsoen irakurketak. Ondoren, Hernaniko Arraun Elkartekoek, arraun saioa eskainiko dute Urumea ibaian. Eta azkenik, eguerdiko 12:00etan, izango dira zubiaren inaugurazioa eta jaien hasiera: etxeferoa botako dute, aurreskua dantzatu, bertsolariak ere ariko dira, eta zinta moztuko dute zubian.
Zubi berriaren inaugurazioaren ondoren, kalejira egingo dute, zubia gurutzatuz, auzoko musikariekin.
Eta hortik aurrera, kalejiran abiatuko dira, auzoko musikariekin: zubia pasa, Arraun Elkartearen instalazioetara iritsi, eta buelta. Erromeria laburra egingo dute bertan, bukatzeko.
Herri kirolak, arratsaldean
Elorrabiko ekintzen ondoren, bazkaria egingo dute auzotarrek, eta arratsaldean segiko du festak. Herri kirol saioa izango da aurrena, hainbat modalitaterekin: Izeta anaiak ariko dira harria jasotzen; Suharri Paolla, Axel Larra, Markel Buztieta eta Jokin Basozabal aizkoran; Osiñagako neskak trontzan, eta auzoko mutilak txingetan eta korrika saioan.
Herri kirol saioa bukatzean, musikari egingo diote bidea, dantzaldia eskainiko baitu Laiotz taldeak. Eta jan-edana ere ez da faltako, urteroko bi zita garrantzitsurekin: sagardo eta bakailu dastaketa aurrena, eta afari herrikoia ondoren.
Esku pelota partiduak eta bertsolariak, bihar
Biharko eguna, berriz, Arriatsu eskolako frontoian hasiko dute auzotarrek. Goizeko 11:00etatik aurrera, gazteen arteko pelota partiduak izango dira aurrena, eta maila haundiko lau pelotariren arteko lehia izango da gero; Emakume Master Cupen lehiatu diren lau pelotari, binaka: Maria Granado hernaniarra eta Alaitz Badiola, Araitz Eizagirre eta Naroa Elizalderen kontra. 12:00etan izango da hori.
Partiduen ondoren, Eider eta Lierni Tolosa ahizpak ariko dira trikitixa jotzen, bertsolarien saioa hasi bitartean: Aitor Mendiluzek eta Agin Laburuk jarriko dute saltsa auzoan, ondoren egingo duten bazkari herrikoia girotzen joateko.
Sagardo eta bakailu dastaketa izango da gaur arratsaldean.
Arratsaldean, berriz, zaldi dema egingo dute: Asteasuko Andoni Mendizabalen eta Zumaiako Juan Etxetxoren zaldi bana ariko dira, aurrez aurre.
Desafioa bukatzen denean, bigarren saio bat ere eskainiko dute Mendiluzek eta Laburuk, bertsotan. Eta dantzan agurtuko dituzte aurtengo jaiak, Osiñagan: dantzaldia izango da, Joxe Angel El Navarrorekin.
OSIÑAGAKO JAIAK 2019
GAUR, larunbata
11:00, Jaien hasiera, Elorrabin: lore eskaintza, txalaparta eta bertsoak, arraunlariak Urumea ibaian, zubi berriaren inaugurazio-ekitaldia, txupinazoa, kalejira, erromeria auzoko musikariekin...
14:00, Bazkaria, auzokoentzako.
17:30, Herri kirol saioa: harri-jasotzen, Izeta anaiak; aizkoran, Suharri Paolla, Axel Larra, Markel Buztieta eta Jokin Basozabal; trontzan, Osiñaga auzoko neskak; txingetan eta korrika, Osiñaga auzoko mutilak.
Ondoren, Arratsaldeko dantzaldia, Laiotzekin.
19:30, Sagardo eta bakailu dastaketa.
22:30, Afaria, Euskal Parrillakoek prestatuta.
BIHAR, igandea
11:00, Gazteen arteko pelota partiduak.
12:00, Emakume Master Cup txapelketako bikoteen arteko partidua: Maria Granado-Alaitz Badiola/ Araitz Eizagirre-Naroa Elizalde.
13:30ak arte, Tolosa ahizpak, trikitixa jotzen.
13:30, Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Agin Laburu.
14:00, Bazkari herrikoia Arriatsun, Euskal Parrillakoek prestatuta.
18:00, Desafio berezia: Asteasuko Andoni Mendizabalen zaldiaren eta Zumaiako Juan Etxetxoren zaldiaren artean.
Ondoren, Aitor Mendiluze eta Agin Labururen azken bertso saioa.
Segidan, Dantzaldia, Joxe Angel El Navarrorekin.