Astelehenean Hernanin sufre dioxido kopuru erabat ezohikoak eta kezkagarriak antzeman zirela salatu zuen Eguzki talde ekologistak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin jarri zen harremanetan Udala «informazioa eskatzeko»;?izan ere, Eusko Jaurlaritzak neurgailu bat dauka herriko anbulategian eta horrek, airera isurtzen diren sustantzia batzuk neurtzen ditu.
Horren arabera, Udalak azaldu duenez, «ohiko isurketak metro kuboko 5 mikragramora ez dira iristen, eta hori legeak onartzen duen mailaren barruan dago». Astelehen goizealdean, ordea, datuak bestelakoak ziren: «1.339 mikragramo markatzen zuen Jaurlaritzaren neurgailuak (webgunean ematen ditu estazio guztien datuak)».
Neurgailua, «hondatuta»
Datu horien azalpena eskatu zion Udalak Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari. Haren esanetan, «aparagailua hondatuta dago eta neurketak ez dira errealak». Horrez gain, esan dute «isurketak legezko maila gainditzen duenean abisatzen duen beste gailuak ere, ez duela funtzionatu». Hori horrela, «bi aparagailuak konpontzen ari direla» esan diote Udalari.
Jaurlaritzaren esanetan, «aparagailua hondatuta dago eta neurketak ez dira errealak»
«Udalak egoeraren jarraipena egingo du»
Egoera honen aurrean, «gardentasun falta» salatu du Udalak, «Ingurumen Sailak, isurketa kopuru horiek herrian alarma sor zezakeela jakinda, ez diolako Udalari egoeraren berri eman». Dena den, Udalak adierazi du «egoeraren jarraipena» egingo duela, eta Jaurlaritzari «exijituko» dio «ahalik eta lasterren konpontzeko».
Bide batez eskatu diote «berriz ere Hernani kanpaina berezietan sartzeko». Horietan, «neurgailu finkoaz gain, neurgailu mugikorrekin ere neurtzen dituzte isurketak».
Dena den, Udalak gogorarazi du ez dela eskaera hori egiten dion aurreneko aldia: «eskaera hori bera egin zion Udalak duela hilabete batzuk». Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari eskatutako aire kalitatearen azterketa independentearen emaitzen berri eman zion bilera berean izan zen hori.