Eskola Agenda 21 programak aurten 15 urte bete ditu, eta atzo Pleno aretoan aurkeztu zituzten 2018-2019 ikasturtean, Hernaniko ikasleek, egindako lanak. Aurretik, Hernani BHI eta Lanbide Heziketako zuzendariek, Aintzane Ibarzabal eta Ainitze Blancok, akordioa sinatu zuten Udalarekin, Luis Intxauspe alkatearekin, aurrerantzean programan sartzeko. Luis Intxauspe alkateak ere agur berezi bat jaso zuen denen partetik, azkenengo parte hartzea izan zuen eta alkate bezala.
Aurten landutako lana kontsumo jasangarriarena izan da. Aurreko ikasturtearen jarraipena eginez, aztertu eta landu dute nola kontsumitu daitekeen hondakin gutxiago sortzeko. Lehenik, gaia ezagutzeko sentsibilizazio jarduerak burutu dituzte, eta ondoren, eskolako eta herriko diganosia egiteko lanetan sartu dira.
Kontsumo zuzena
Haur Hezkuntzako ikasleek inguruan dutena ezagutu dute. Lehenengo eta bigarren mailakoek, kontsumo zuzena aztertzen aritu dira: elikadura eta jostailuak. Hirugarren eta laugarren mailakoek, etxeetako ur kontsumo ohiturak aztertu dituzte. Eta bosgarren eta seigarren mailakoek, etxeetako erosketa ohiturak aztertu dituzte.
Kontsumo ohiturak
Bigarren hezkuntzako ikasleeen artean DBH 1ekoek kontsumo ohiturak aztertu dituzte. DBH 2koek publizitatea aztertu dute, egia ala gezurra den eta gehiegizko kontsumora eramaten al duen jendea.
DBH 3koek ura edateko baino zerbait gehiagorako dela, eta erreka garbiketak burutzekoak dira. DBH 4koek kontsumo teknologikoa landu dute eta Batxilergokoek kontsumo jasangarria definitzeko lanean aritu dira.
Errugbiko baloi itxurako zakarrontzia geltokietan
Agenda 21 programaren azterketarekin batera, Udalaren eskaerari kasu eginez, gai bat landu dute Gizarte Berrikuntza Lanbide Heziketako ikasleekin. Autobus geltokietan zakarrontzien beharra zegoela ikusi zen galdetegi bat eginez. Erantzuna emateko, errugbiko baloi baten itxurako zakarrontzia garatu dute, Hernaniko identitatea mantenduz.