Erabaki Hernani Decide 2020 aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan da aurten ere. Seigarrenez, hernaniarrek erabakiko dute 2020ko udal aurrekontuaren 500.000 euro zertan inbertitu nahi dituzten. Horretarako, urtero bezala, proposamenak egin, horiek eztabaidatu eta erabakitzeko aukera izango dute herritarrek. Dagoeneko 2.500.000 euro erabaki dituzte herritarrek aurrekontu parte-hartzailearen bidez.
Talde Eragilea sei herritarrek osatzen dute, Siadecoren gidaritzapean
2014an aurrekontu parte-hartzaileen prozesua hasi zenetik, herritarrek osatutako Talde Eragilea izan da prozesuaren oinarriak jarri dituena, eta hala izango da aurten ere. Oraingo honetan, Siadeco Ikerketa Aplikatuaren gidaritzapean, sei herritarrek osatzen dute: hiru norbanakok, herriko talde bateko ordezkari batek, eta auzo elkarteetako bi ordezkarik.
Prozesua, lau fasetan
Lau fase izango ditu aurten ere Hernani Erabakik. Lehenengo fasean, proposamenak egingo dira; gaur hasi eta ekainaren 17ra bitarte. Bigarren fasean, proposamenak lehenetsiko dira; uztailaren 8tik 11ra bitarte. Hirugarren fasean, proiektuen balorazio teknikoa egingo da; uztailaren 18tik irailaren 20ra. Eta laugarren fasean, bozkatu eta erabakiko dira, urriaren 14tik azaroaren 15era bitarte.
Lehenengo fasea, gaurtik
Hain zuzen, lehenengo fasea da orain abiatuko dena. Gaurtik ekainaren 17ra bitarte, hernaniar orok, bakarka nahiz taldean, proposamenak egiteko aukera izango du. Beti ere, proposamenok Talde Eragileak zehaztutako ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: proposamen bakoitzaren aurrekontua 125.000 eurokoa izango da, gehienez; eta herritar bakoitzak, gehienez ere, 5 proposamen egin ditzake.
Proposamenak egiteko bideak, aurreko urtetakoak
Hiru bide izango dira proposamenak egiteko. Batetik, bilera irekiak egingo dituzte, auzoetan, gaurtik hasita.
Postontzien bidez ere egin daitezke: Hernaniarrek etxean jasoko dituzten diptikoak bete, eta udal eraikinetan (Biteri Kultur Etxean, Udaletxean, Kiroldegian, Goiz Eguzkin, Institutuan, Plaza Feministan, Gabriel Zelaian, Sandiusterrin eta Udal Euskaltegian) eta auzo elkarteen lokaletan jarriko diren postontzietan sartu ahal izango dira.
Eta internet bidez ere bai: erabaki.hernani.eus webgunean dagoen inprimakia bete eta bidalita.
Aurten ere gaztetxoek aukera
Iaz aurrenekoz egin zuten moduan, aurten ere, 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek aukera izango dute aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan parte-hartzeko. Eskola Agenda 21 proiektuaren bidez bideratuko da; proiektu horretan landutako gaiaren bueltan egindako proposamenak txertatuko dira prozesuan, eta ondoren, bozkatze-fasean parte hartuko dute, ikastetxeen bidez.
?Herriari bizitza ematea?, helburu
Horrez gain, Talde Eragilea hasi da dagoeneko leheneste-fasea prestatzen. Hain zuzen ere, Herriari bizitza ematea izango da aurtengo helburua, Talde Eragileak hala erabakita. Hori horrela, prozesu honetan dinamika kulturalak, tokiko jarduera ekonomikoak (merkataritza, zerbitzuak, enplegua), herritarren arteko harremana eta topaketa, eta herri ondarea (kulturala, historikoa, naturala...) sustatzen duten proposamenak egiteko gonbitea luzatzen diete herritarrei.
LEHENENGO FASEA: Auzoz auzoko bilerak
- Gaur: Karabelen, 19:00etan.
- Bihar: Lizeagan, 19:30ean.
- Ekainak 3: Zikuñagan, 19:30etan.
- Ekainak 5: Portun, 19:00etan.
- Ekainak 6: Antziolan, 19:00etan.
- Ekainak 7: Latsunbeberrin, 19:30ean.
- Ekainak 10: Kaxkoan, 19:00etan.
- Ekainak 12: Etxeberri-Floridan, 19:00etan.
*Saioak auzo elkarteen lokaletan izango dira, Kaxkokoa izan ezik, udaletxean egingo baita.