Kiroldegian kontsumo osoa berriztagarria izateko inbertsioa egingo du Udalak. Kiroldegiaren teilatuan eguzki plakak daude, baina egun ez da optimizatzen horien erabilera. Azterketa egin duten adituen ustez, plaken produkzioa hobetu daiteke inbertsio txiki bat eginda. Horrela, interbentzio hori egingo da eta, horri esker, gasaren erabilera gutxienetara jaitsiko litzateke. Kiroldegiko sistema termiko osoak oro har energia berriztagarrien bidez funtzionatuko luke horrela.
Biomasa kaldera martxan jarri zenetik, ekoizpen horrek asebetetzen du kontsumo termikoaren %90
Kiroldegian obra egin zenean, igerilekuak haunditzearekin batera, instalazio termikoa ere aldatu zen. Hortaz, biomasa (berriztagarria) kaldera batek osatu zuen gasa (erregai fosila) erabiltzen zuen sistema zaharra. 2014tik hona kontsumoak izan duen eboluzioa aztertu da eta bi ondorio nagusi atera dira: egun biomasak kontsumo termikoaren %90 kubritzen duela eta energiaren kontsumoa ere murriztu dela.
2015eko eta 2018ko datuak alderatuta, %25 murriztu da energiaren kontsumoa.
Hobekuntzak egin ziren, gainera, energia termikoaren eskari eta ekoizpenen kudeaketan, eta igerilekuetako uraren beroa errekuperatzen da.
Hartara, 2014 eta 2018 urte arteko kontsumoak alderatuta, ondorioztatu da energiaren kontsumoa murriztu dela. 2015ean, esaterako, ia 1.200 MWh kontsumitu ziren (gasa zen erregai nagusia) eta 2018an, ostera, 900 MWh inguru (horietatik 800 bat biomasarekin sortuak). Aintzat hartu behar da igerilekuak haunditu direla eta, hortaz, berotzeko ur gehiago dagoela.
Sistema horren bitartez igerilekuetako eta dutxetako ura berotzen da
Kontsumoa jaisteaz gain, kiroldegiko ura berotzeko, gehienbat energia berriztagarria erabiltzen da orain (%95). Gasaren kontsumoa %5era jaitsi da. Fakturan ere aurreztu da, biomasa gasa baino merkeagoa baita.