festak ate joka dira Hernanin eta aurten lehendabizikoak antolatzen Osiñagakoak izango dira. Asteburu honetan ospatuko dira eta gainera ekitaldi berezi batekin datoz. Udalarekin batera Elorrabiko zubia inauguratuko da, larunbatean, 11:00etan ekitaldi desberdinekin hasita.
Udalak auzotarrei eman nahi izan die protagonismoa eta horrela monolitoan lore eskaintza egingo da hasieran. Ondoren Zuaznabatarren eskutik txalaparta saioa eskainiko da, Iñigo Legorbururen bertsoen irakurketekin tartekatuta. 11:30etan Hernaniko arraun taldearen eskutik, Urumea ibaian arraun saioa egingo da eta 12:00etan ekingo zaio inaugurazioari.
12:00etan zinta mozketa eta jaien hasiera
Horrekin batera jaien hasiera ekitaldia antolatu da. Etxeferoa, aurreskua, bertsolariak, hitzak, zintaren mozketa, eta ondoren auzoko musikoen eskutik kalejira antolatu da zubitik beste aldera, arraun taldeko instalazioari buelta eman eta berriro Elorrabira itzuliz. Ondorenerako erromeria labur bat antolatu da.
Bi egun festaz blai
Elorrabin festen hasiera eta inaugurazioa egin eta gero ekitaldiak Arriatsura pasako dira ohiko legez. Ekitaldiz betetako bi festa egun izango dira.
Larunbatean: bazkaria, herri kirol jaialdia, dantzaldia, sagardo eta bakailu dastaketa, afaria... egingo dira. Igandean: pilota partiduak, trikitilariak, bertsolariak, bazkaria, desafio berezia eta dantzaldiarekin amaituko dira jaiak.