ASTELEHEN goizean, aire kutsaduraren berri ematen duten hainbat webgune errebisatzen ari zirela, Eguzki elkartekoek izugarri sufre dioxido maila altua atzeman zuten Hernanin, 06:00etatik 13:00era.
«Neurgailuek 257 eta 265 ere markatu zuten» diote Eguzkitik. «Zenbaki horiek bosteko bat dira bat eta sei bitarteko eskala batean. Hori oso kaltegarria da eta osasun alerta jotzeko eskatzen du».
«Isuri haundi eta arriskutsua»
Eusko Jarularitzaren webgune batean, berriz, 1.339 mikrogramo/m3 erregistratu dira. «Zenbaki hori ere oso kezkagarria da. Beraz, Hernani partean SO2ko isuri garrantzitsu eta arriskutsua gertatu zela ondorioztatzen dugu».
Eguzkiren esanetan «zoritxarrez, Hernani ondoko poligonoan kokatutako bolborategi kimikoak horrelako egoerak sor ditzake».
«Non, zergatik eta ondorioei buruzko azalpenak eman behar ditu Jaurlaritzak»
Talde ekologistak azalpenak eskatzen dizkio Jaurlaritzari. Gauzak horrela, «isuriaren iturriari, arrazoiei eta ondorioei buruzko azalpen argia eta zehatza eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari».
Hain justu, horrelako isuriak sarri gertatzen direla kezkatuta, Hernaniko hainbat herritarrek Aire Garbia plataforma eratu zuten orain dela hilabete bat. «Asteleheneko isuria dela eta, Jaurlaritzak Hernaniko herritarrei azalpen argia eta azkarra eman behar die» dio Eguzkik.