Hernanik eta Astigarragak asteburu borobila, Herriartekoan

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 28a, 02:00

Asteburu borobila izan da joan dena, pelotari hernaniar eta astigartarrentzat, Herriarteko Txapelketan. Izan ere, txapelketan jarraitzen duten hiru taldeek lortu dute garaipena.

Horrela, eskuzko lehian, au­rrera egin dute Astigarragak eta Hernanik, eta final laurdenetara sailkatu dira.

Astigartarrek, Oiartzunera jo zuten ostiralean, 2-1eko aban­taila defendatzera; eta beste bi garaipen lortu zituzten. Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiek 22-12 irabazi zuten aurrena; Manex Aldalur eta Aimar Mujika jubenilek porrota jaso zuten (5-22); baina pasea ziurtatu zuten Ha­rri Loidi eta Jokin Santxez na­gusiek, 22-15 irabazita. Orain, Zestoaren kontra ariko dira, final laurdenetan. Joanekoa, ostiral honetan Txomiñenen.

Berdintsu aritu zen Hernani ere, Adunaren kontra. Kanpoan 2-1 nagusitu ondoren, primeran eutsi zion errenta horri, etxean, joan den ostiralean. Partidu haundia jokatuta, 22-7 nagusitu ziren Xabier Apaolaza eta Unai Etxarri kadeteak; eta kanporaketa erabakita utzi zuten Xabier Salaberria eta Oihan Zu­gasti jubenilek, 22-16 irabazita, aurreko asteko porrotari buelta emanez. Eta ezer jokatu gabe, galdu egin zuten Iñigo Urkizuk eta Ekaitz Insaustik, nagusietan (17-22); ez zuen bere ohiko mailan jokatu, bikote hernani­a­rrak. Final laurdenetan, Azpei­tiaren kontra ariko da Hernani, eta ostiralean jokatuko du joanekoa, han. Pelota Elkarteak au­­tobusa antolatuko du, pelotari­ak animatzera joateko, Atse­gin­degitik 20:30etan abiatuta.

Final laurdenetan, Zestoa du kontrario Astigarragak, eta Azpeitia Hernanik, ostiralean hasita. 

Andoainen aurreneko pausoa palistek, semifinaletara

Eta esku pelotariek aste ho­ne­tan hasiko badituzte final laurdenak, dagoeneko ekin dio­te fase horri, palistek; baita ondo ekin ere. Andoainen jokatu zuen Hernanik, joanekoa, bertako taldearen kontra; eta hiru partiduetatik, bi irabazi zituzten hernaniarrek.

Buruz buru, Lujanbiok 20-12 irabazi zuen, frontoi osoan. Bi­naka, 20-8 nagusitu ziren Man­terola eta Zubimendi. Eta ba­na­­ka zazpi barruan, 12-20 galdu zuen Urreagak. Aurreneko pausoa eman dute, beraz, semifinaletara sailkatzeko. 

Oiartzungo Txapelketaren finalean, Garazi Urdangarin

Txapelketa gehiagotan ere ari­tu dira palista hernaniarrak, joan den asteburuan. Oiartzun­go Txapelketako semifinala jo­katu zuen Garazi Urdangarinek larunbatean, Nahia Eizmendi aiarrarekin; eta irabazi egin zu­ten, Murua eta Galdosen kontra (25-14). Hori horrela, datorren igan­deko finalean ariko dira, txapelaren bila.

Irabazi egin zuten, baita ere, Euskadiko Jokoetako partidua, Maddi Iriondok, Joana Tolare­txi­pik eta Alaitz Barrenetxeak. Bizkaiari nagusitu zitzaizkion larunbatean, Sestaon.

Eta garaipena lortu zuten, Amaia Irazustabarrenak eta Ariane Arrietak ere, Estatuko Trinkete Txapelketan, Oberena taldearen kontra. Aste honetan bukatuko dute ligaxka, eta hu­rrengo fasera sailkatuko dira hernaniarrak, partidu guztiak irabazi baitituzte.

Aldiz, porrota jaso zuten Ga­razi Urdangarinek eta Ekhiñe Balerdik, Euskal Herri­ko jubenil mailako trinketekoan, Adur­tza­ren kontra (20-30). Eta porrota jaso zuen Maider Huizik ere, Paleta Larruzko Txapelketaren hirugarren jardunaldian. Mai­za­rekin batera, 2-3 galdu zuen De­ban, Ibañez eta Etxaniz bikotearen aurrean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!