Maila ederrean aritu da Hernani, zazpiko errugbiko Europako Txapelketan; eta laugarren postua lortuta bueltatu da.
Larunbatean, ligaxkako hiru partiduak irabazi zituzten trikoloreek: 29-7 Dukla talde txekiarrari, 12-7 VVA Moscow errusiarrari, eta 21-0 Södertälje suediarrari. Horrela, final laurdenetara pasea lortu zuten.
Ondo hasi zuten igandea ere, Grashopper suitzarrari 28-5 irabazita eta semifinaletara sailkatuta. Baina horretan, gehiago izan zen Baltrex lituaniarra (12-21), eta finaletik kanpo geratu zen Hernani. Oraindik domina lortzeko aukera zuten, hala ere; baina hirugarren posturako lehian, Narvskaya Zastava errusiarra nagusitu zitzaien (10-19). Horrela, laugarren izan ziren azkenean.