Partehartzeak gora eginda itxi zituen atzo Ereñotzuk, Auzo Udalerako hauteskundeak. Eta boto gehiagorekin, babes zabala jaso du Ereñotzu Ekinezek, ia erabatekoa: %97,74ak bozkatu zuen, taldearen alde.
%65,14ak eman zuen botoa atzo, 2015ean baino %5,05ek gehiagok; eta 312 bototik, 303 jaso zituen alde Ereñotzu Ekinezek.
Guztira, 312 lagunek eman zuten botoa (%65,14; 2015ean baino %5,05 gehiago). Horietatik, 303 lagunek eman zioten babesa Unai Erroitzenea Gamio buru duen taldeari; zazpi izan ziren boto zuriak, eta beste bi, baliogabeak. Hori horrela, Erroitzenea izango da, Auzo Udaleko alkate.
Ereñotzu Ekinez:
UNAI ERROITZENEA GAMIO
«Osatu genuen taldeari, bere babesa berretsi diote»
Auzo Udalerako hauteskundeen «oso balorazio positiboa» egin zuen Unai Erroitzenea Gamiok, Ereñotzu Ekinezen alkategaiak, emaitzak ezagutu berritan. Nabarmendu zuen, taldeari «babesa berrestea» suposatu zutela atzoko emaitzek: «bere garaian, taldeko izenak proposatu eta erabaki zirenean jaso genuen babesa, berretsi egin dute ereñotzuarrek»; bereziki, ikusita partehartzeak ere gora egin duela, eta «jende asko» gerturatu zela bozkatzera.
Erroitzeneak adierazi zuen, «ezustekorik gabeko eguna» izan zela atzokoa: «taldeko guztiok elkarrekin bazkaldu dugu, giro onean eta lasaitasunez».
Hernaniko Udalerako eta Gipuzkoako Foru Aldundirako, EH Bildu nagusi aldearekin
Auzo Udalerako ez ezik, Hernaniko Udalerako zein Gipuzkoako Foru Aldundirako ere bozkatu zuten ereñotzuarrek. Eta bietarako, EH Bildu izan zen bozkatuena, auzoan.
Hernaniko Udalerako, 314 lagunek eman zuten botoa; horietatik bost zuriak, eta beste bost baliogabeak. EH Bilduk 228 boto jaso zituen; EAJ-PNVk 63 boto; Elkarrekin Podemos-Orain Hernanik 10 boto; eta PSE-EEk hiru.
Antzekoak izan ziren Ereñotzun jasotako emaitzak, Foru Aldundirako ere. 315 boto izan ziren guztira; tartean, sei baliogabe, eta bi zuri. EH Bilduk 229 boto jaso zituen; EAJ-PNVk 64 boto; Elkarrekin Podemos/Ezker Anitza/Equo Berdeak koalizioak bederatzi boto; eta Aulki Zuriak taldeak boto bat.