Zinegotzi gehiago izango dira Hernaniko Udalean erroldak gora egin duelako, baina gehiengo absolutua lortu du EH Bilduk, berriro. Horrela, Xabier Lertxundi izango da alkatea, eta 11 zinegotzi izango dira denera. 4.631 boto lortu ditu; 2015ean baino 449 boto gehiago.
Bigarren indarra EAJ-PNV izan da, eta 6 zinegotzi lortu ditu. 2.642 hernaniarrek eman diote botoa; 2015ean baino 571 gehiagok.
Hirugarren indarra Elkarrekin Podemos-OH izan da, baina 2015ean baino 97 boto gutxiago jaso ditu; 1.348. Bi zinegotzi izango ditu.
Bi zinegotzirekin geratu da PSE-EE ere, baina 2015ean baino 155 boto gehiago lortuta; 1.232.
PPri dagokionez, ez du ordezkaririk lortu aurten ere, eta 2015ean baino 92 boto gutxiago jaso ditu; 285.
Gehiengo absolutua, 13 botoren aldearekin
Berriro ere gehiengo absolutua lortu du EH Bilduk, laugarrenez. Aurrenekoa Euskal Herritarrok-ek lortu zuen 1999an; bigarrengoa eta hirugarrengoa EH Bilduk izan du aurreko bi legegintzaldietan, eta laugarrena izango du oraingoa.
Laugarrenez lortu du gehiengo absolutua EH Bilduk. 13 boto falta izan ditu Podemosek hori aldatzeko.
Hala ere, atzoko emaitzen arabera, 13 botoko aldeari esker lortu du gehiengoa. Elkarrekin Podemos-OHren aldeko 13 boto gehiago izan balira, hark lortuko zukeen hirugarren zinegotzia, eta 10ekin geratuko zatekeen EH Bildu.
Parte hartzeak, gora
Orokorrean, parte hartzeak gora egin du, 2015arekin alderatuta; %60,85ekoa izan zen orduan, eta %64,66koa oraingoan. Abstentzioak, beraz, behera egin du: %39,15etik %35,34ra. Eta boto zuriek eta baliogabeek ere behera egin dute; %2,20tik %1,35era eta %1,46tik %1,20ra.
Denera, 15.748 hernaniar zeuden botoa ematera deituta, eta 10.208k eman dute botoa. Horietatik, %45,92k egin du EH Bilduren alde (2015ean, %45,63k); %26,20k EAJ-PNVren alde (2015ean, %22,60k); %12,40k Elkarrekin Podemos-OHren alde (2015ean, %14,71k); %12,22k PSE-EEren alde (2015ean, %11,75ek); eta %1,91k PPren alde (2015ean, %3,11k).
Aurtengoan, diferentzia eragin duena hernaniar kopurua izan da. 20.000 biztanletik gora izatera iritsi da, eta beraz, lau zinegotzi gehiago izango dituzte herritarrek Udalean: 21. Horietatik 11 izango dira EH Bildukoak; 6, EAJ-PNVkoak, eta bina, Elkarrekin Podemos-OH eta PSE-EEkoak.
EH BILDU:
XABIER LERTXUNDI
«Hitz egin eta negoziatzeko prest gaude»
Xabier Lertxundi, datorren lau urtetarako alkatea, «oso pozik» agertu zen gehiengo absolutua lortuta, nahiz eta ez zuen helburu nagusi. «Zentsoa haundituta, zaila zen gehiengo absolutua lortzea, eta ez zen gure obsesioa. Jakin nahi genuena zen ea herritarrek guregan konfiantza zuten edo ez, eta orain 4 urte baino boto gehiago lortu dugunez, ikusi dugu hernaniarrek ulertu dutela gure lana, eta konfiantza eman digutela hurrengo lau urtetan lanean segitzeko. Dena den, beti esan izan dugun bezala, gainontzeko alderdiekin hitz egin eta negoziatzeko prest gaude, eta horretan hasiko gara datorren astetik aurrera».
EAJ-PNV:
ANDONI AMONARRAIZ
«Gora egiten jarraitzen dugu»
«Gazi-gozoak» izan dira emaitzak EAJ-PNVrentzat, Andoni Amonarraiz alkategaiaren esanetan. «EH Bilduk gehiengo absolutua lortu du, eta uste genuen ez zuela lortuko. Orain arteko politikekin jarraitzen badu, ezer gutxi egin ahal izango dugu. Hala ere, gure lan ildoekin jarraituko dugu, hauteskunde guztietan gora egiten jarraitzen baitugu».
ELKARREKIN PODEMOS-OH:
JAIONE ARISTREGI
«Espero baino emaitza okerragoak izan ditugu»
«Erralistak» izanda, «espero baino emaitza okerragoak» lortu dituztela azaldu du Jaione Aristregik. «Lan asko egin dugu lau urtetan, eta dezepzio txiki bat izan da. Hernaniarrek hitz egin dute, eta gehiengo absolutua nahi dute; gure ustez ez dira onak, nahi diren politikak egiten direlako, oposizioa mugatuta utziz. Baina lau urtez gogoz eta gogor lan egiteko gaude, ea zer gertatzen den. Jarraitu egingo dugu lanean».
PSE-EE:
RICARDO CRESPO
«Gure botoak berreskuratzen ari gara»
Emaitzak ikusi berritan, «hausnarketa egiteko denborarik gabe», baina «nahiko pozik» agertu zen Ricardo Crespo, «boto kopuruan igoera lortzeagatik». Dena den, «gehiengo absolutuarekin oraindik ez apurtzeak pena» eman izana ere nabarmendu zuen. «Parte-hartzea gehiago igota, agian lortuko genuke apurtzea. Baina nahiko gusturta geratu gara, gure botoak berreskuratzen ari garelako».