Udal Gobernu aldaketa izango da Astigarragan. 7 zinegotzi lortuta, gehiengo osoarekin, EH Bildu izango da udal gobernuan datozen lau urteetan, 2019tik 2023ra bitarte. Xabier Urdangarin Lasa bihurtuko da Astigarragako alkate, ekainaren 15ean egingo den inbestidura-plenoan. 1563 herritarren babesa jasota izango da hori, erroldaren %49,10arena.
Oposiziora pasako da, ordea, Zorione Etxezarraga Ortuondo buru zuen EAJ-PNVren taldea; 6 zinegotzi izatetik, 5 izatera pasa da. Etxezarragaren zerrendak 1252 boto izan ditu, %39,33a.
Zinegotzi izaten jarraituko du, baita ere, PSE-EEko Mikel Duran Gonzalok. Zinegotzi bakarra lortu du oraingoan ere, 269 herritarren babesarekin.
Parte-hartzeak, gora
Parte-hartzean ere aldaketak izan dira Astigarragan, 2015eko udal hauteskundeekin alderatuta. %2,05eko igo da botoa eman duen herritarren portzentajea; %65,74ak eman du botoa (2015ean, %63,61), hau da, denera 3214 herritarrek. Horietatik, 3183 izan dira baliodunak;?52 zuriak (%1,62), eta 31 baliogabeak (0,96). Erroldaren %34,26 abstenitu egin da, hau da, 1675 herritar.
EH Bildu
Xabier Urdangarin
«Gure helburua hori zen, 7 zinegotzi lortzea»
Emaitzak eskuartean, «oso-oso pozik» agertu da Xabier Urdangarin Lasa EH Bilduko alkategaia. «Gure helburua hori zen, 7 zinegotzi lortzea, izan ere, bagenekien hori horrela ez bazen, EAJ-PNVk eta PSE-EEk akordioa egingo zutela. Eta lortu dugu». Horren aurrean, «oso pozik» daudela dio behin eta berriz, eta onartzen du: «jendeak lan asko egin du. Uste dut kanpaina ona egin dugula, programa osatzen eta jendearekin egoten saiatu gara».
EAJ-PNV
Zorione Etxezarraga
«Bai Gobernuan baita oposizioan ere, gure jarrera eraikitzailea izango da»
Balorazio «txarra» egiten du, ordea, Zorione Etxezarraga Ortuondo EAJ-PNVren zerrendaburuak: «emaitza txarrak izan dira. Baina demokrazia horrelakoa da, herriak eman du bere erabakia, eta guk onartu besterik ez daukagu», dio. Hori horrela: «oposiziora joango gara. Eta bai Gobernuan baita oposizioan ere, gure jarrera eraikitzailea izango da. Jarraituko dugu guztiontzako Astigarraga bat egiten; bizi-kalitate eta zerbitzu hoberenak dituenak». Etxezarragaren esanetan: «Jarraituko dugu elkarbizitza hobeagoa egiten duen Astigarraga baten alde lan egiten».