Errolda txikiagoa izanda ere, jende gehiagok eman zuen botoa atzo, Goizuetan, Udal Hauteskundeetan. %74,32koa izan zen partehartzea, duela lau urte baino sei puntu gehiago (%68,25). Guztira, 437 lagun gerturatu ziren bozkatzera, eta horietatik, 12 boto izan ziren zuriak, eta 20 baliogabeak.
Gainerako guztiak, 405 boto (%97,12a), EH Bildurentzat izan ziren, eta beraz, Unai Miranda Berroeta izanen da alkate.
Partehartzea sei puntu igo zen: errolda txikiagoa izanda, boto gehiago izan ziren.
EH BILDU:
UNAI MIRANDA BERROETA
«Duela lau urteko egoera berean, emaitza hobeak izan dira orain»
Kontaketa bukatuta eta emaitza ofizialak mahai gainean, «balorazio positiboa» egin zuen Unai Mirandak, nahiz eta «bihartik (gaurtik) aurrera» izanen den garaia, «balorazio sakonagoak egiteko», azaldu zuenez.
Edozein kasutan, Mirandak nabarmendu zuen jende gehiagok bozkatu izana, errolda txikiagoa izanda ere; eta pozik agertu zen emaitzekin: «duela lau urteko egoeran, jende gehiagok hartu du parte, eta boto gehiago jaso ditugu». Herritarrei eskertu zien babesa, eta adierazi zien, «errazena egina» dagoela: «orain lan egitea tokatzen da, eta guk lan eginen dugu herriarentzat; baina batez ere, herritarrekin eginen dugu lan».
Nafarroako Parlamenturako ere, EH Bildu nagusi
EH Bildu nagusitu zen atzokoan Goizuetan, baita ere, Nafarroako Parlamenturako bozetan. 436 lagunek eman zuten bozka, eta beraz, sei puntu igo zen partehartzea horietan ere, Udal Hauteskundeetan bezala. Horietatik bost boto izan ziren baliogabeak, eta hiru zuriak. Eta baliodunetatik, 310 boto izan ziren EH Bildurentzat, pixka bat behera eginda (331 lortu zituen 2015 urtean). Bigarren indarra Geroa Bai izan zen, 95 botorekin, aurrekoetatik nabarmen gora eginda (61 izan zituen).
11 boto lortu zituen Navarra Sumak, bost boto Podemosek eta PSNk; eta boto bana Izquierda-Ezkerrak eta VOXek.