Asteartean udaletxean egin zen plenoan, Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialak sailean, zaharren egoitzan zehazki, urte luzez modu irregularrean egon diren hainbat lanpostu edo zerbitzu ordu erregularizatzeko erabakia hartu zen. Honela egoera trakets bati amaiera emateko lehen urratsa eman zen aurrez Musika Eskola, Udal Euskaltegi eta beste zenbait zerbitzutako lanpostuekin egin zen bezala.
Pozteko modukoa zen notizia gazi gozoa bihurtu zen udaleko zenbait talde politikoren posizioen eraginez, plenora gerturatu ginen zaharren egoitzako zenbait langileren haserrea pizteraino. Bereziki mingarria izan zen PNV alderdiko bozeramaile Andoni Amonarraizek klinika laguntzaile lanpostuak lanaldi osora sortu beharrean lanaldi partzialera sortzeko eginiko proposamena. Bere ?proposamenaren? arabera Hernanin lanaldi partzialera lan eginda Gipuzkoako sektore pribatuko zaharren egoitzetan lanaldi osora lanean ari diren langileek kobratzen duten adina kobratzea bermatuta legoke.
Bere ?proposamena? kasualitatez edo ez, asteartean bertan sektore pribatuko adinekoen egoitzetan hitzarmen duin bat aldarrikatzeko Gipuzkoako Foru Aldundia okupatu eta Ertzaintzak arrastaka atera gintuen egun berean egin zuen.
Bizkaiko Diputatu Nagusi den Unai Rementeriak azken egunetan eginiko aipamenen mailan dago PNV alderdiko bozeramaile Andoni Amonarraizek esandakoa.
Borrokan eta greban daude aspaldian adinekoen zaintza lanean dabiltzan langileak, sektore feminizatu prekarioa delako. Aurrerantzean ere zaintza erdigunean jartzen, emakumeak ahalduntzen eta lan baldintza duin batzuen alde borrokan jarraituko dugu PNV eta Andoni Amonarraizi gustatu ala ez.
Mirari Duarte Echeverria, Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialetako Komiteko Lehendakaria eta LAB sindikatuko kidea; eta Eva Uzkudun Carrizo, Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialetako Komiteko Kidea eta LAB sindikatuko kidea