Hainbat bide eta herri-bide asfaltatzeko lanak, lizitaziora

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 27a, 02:00

Asfaltatze-kanpaina abiatuko du Udalak; horretarako, obra horiek kontratatzeko pleguak argitaratu berri ditu, eta eskaintzak jasotzeko epea irekita dago. Horiek aztertuta, es­leipena egingo dute, eta asmoa da la­nak udara aldean hastea. Lizitazioaren prezioa 536.985,56 eurokoa da, eta lanak burutzeko epea bi hilabetetakoa da.

Udalak ohar baten bidez azaldu bezala, planaren helburua da «herriko zenbait kale eta herri-bideetako zoladura berri­tzea edota birgaitzea. Ere­mu batzuetan zoladura osoa asfaltatuko da, eta beste batzuetan, aldiz, zatiak konponduko dira, puntu zehatzetan dau­den arazoak konpontze aldera».

Erroilaburu bidea eta Osinaga bidea, tartean

Udalak konpondu nahi dituen herri-bideen artean daude, hain zuzen, Erroilaburu bidea eta Osinaga bidea.

Aurrenekoa, Martindegitik abi­atzen den herri-bidea da. Telleri-Zahar baserriaren inguruan dagoen bidegurutzean ha­siko dira lanak (1.000 metroko bidea). Bidegurutzeetako eta jabetza-sarreretako asfaltoa ere berrituko da, bertan. Gainera, bi­degurutzearen inguruan, 110 metroko hormigoizko ubide be­rri bat eraikiko da.

Bigarrena, Osinaga bidea, Portu auzoan hasten da; bertako bidegurutzean hasiko dira lanak, eta Loidiko bidegurutzea pasa arte asfaltatuko da (1.300 metro). Zoladura berrituko da bai bidegurutzeetan, bide bazterretan, baita jabetza-sarreretan ere. Gainera, Mendipe baserriaren inguruan, maldak aztertuko dira euri-urak etxebizitzetara joan ez daitezen. 

Abiadura moteltzeko koxkak aldatu, eta plastikozkoak jarriko ditu Udalak; baita ubide bat berritu eta Garbigunearen sarrera asfaltatu ere. 

Beste hainbat lan, ere bai

Bestalde, hilerriko lurra ere asfaltatuko da, «kaleen irisgarritasuna bermatzeko eta mantenua errazteko», eta azaleko euri-uren bilketa bideratzeko ubide txikiak egingo dira. 

Etxeberri auzoan ere auzoko zati haundi baten asfaltoa be­rrituko da.

Eta azalera txikiko beste hain­bat lan ere egingo dira:?Li­ze­aga auzoko Arantzazu plazako zo­rua, Karobietako Iturregi ka­lea, eta hainbat kaleetan dauden zuloak ere bai (Txirrita, Zin­koenea, Zikuñaga Papelera, Aka­rregi industrialdea, Sagas­tial­de eta Portun).

Lan-baldintzen klausula

Udalak adierazi duenez, pleguetan jasotzen diren baldintzen ar­­tean dago lan-baldintzena: «la­nak exekutatuko dituen en­presak errespetatu beharko di­tu hitzarmen sektorialean jaso­tzen diren lan-baldintzak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!