Espainiako Gobernuak martxo bukaeran onartu zuen dekretua, enpresak behartzen dituena langileen lan orduak erregistratzera, eta maiatzaren 12an sartu da indarrean. Helburua da langileek egiten dituzten lan orduak lan kontratuan jasotakoarekin bat datozen ala ez aztertzea, eta aparteko orduak beltzean ez ordaintzea eta gehiegizko lanaldiak murriztea. Desadostasunak eta kezkak azaleratu dira, sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen aldetik.
Erregistratzeko modua, malgua
Lan orduak erregistratzea derrigorrezkoa da lanaldi partziala edota lanaldi osoa duten langile guztien kasuan. Baina legeak ez du sistema zehatz bat ezarri, lan orduak erregistratzeko.
Espainiako Gobernuaren legeak negoziazio kolektiboaren esparruan enpresek eta sindikatuek adosten dutenari eman diote lehentasuna, erregistratzeko modua zein izango den erabakitzeko. Horrela, toki batzuetan langileek orri batean idazten dute zer ordutan hasi duten eta noiz bukatu duten lana. Beste batzuetan, behatzen marka digitala erregistratzeko makinak jarri dira, edo lanaldia neurtzeko ohiko sistema, fitxatzeko makina, erabili dute.
Malgutasun honek hainbat zalantza sortu ditu. Sindikatuen ustez, malgutasun horrek iruzur egitea ahalbidetzen du. Enpresek, berriz, zalantzak dauzkate zein sistema erabili erabakitzeko, eta irizpide batzuk emateko eskatu diote Lan Ikuskaritzari.
Espainiako Ministerioak, bere aldetik, malgutasuna eman izana defendatzen du, lanpostu guztiak ez direlako berdinak.
Zigor ekonomikoak, legea betetzen ez den kasuetan
Modu batera edo bestera egin, azken batean, derrigorra da lanaldiak erregistratzea, eta lege berria betetzen ez duten enpresentzat zigor ekonomikoak aurreikusi dira. Horrela, erregistroa ez egitea lege hauste larritzat joko da, eta isuna, 626 euro eta 6.250 euro artekoa izan daiteke. Dena den, sindikatuen ustez enpresa batzuek nahiago izango dute isunak ordaindu, merkeagoa aterako zaielako, aparteko orduak ordaintzea baino.
Lan orduen erregistroa lau urteko epean jaso beharko da, eta eskura izango dute Lan Ikuskaritzak, langileek, eta baita haien ordezkari eta sindikatuek ere. Enpresa behartuta dago langile kontratatuek lanean emandako orduen hileroko laburpena ematera langile bakoitzari.
Urtean 80 ordutik gora ez
Dekretu honen bidez Langileen Estatutuko 12.5.h) artikulua berriro idatzi da, eta 12.4.c) artikulua da gaur egun. Bertan jasotzen da, «lanaldi mugatuko langileek ezin izango dutela aparteko ordurik egin, 35.3 artikuluan aipatutako suposamenduetan izan ezik».
Hain zuzen, 35.3 artikulu horretan zehazten da «ezbeharrak edo bestelako aparteko eta premiazko kalteak prebenitu edo konpontzeko sartutako aparteko orduak ez direla kontuan hartuko lanaldi arruntaren gehieneko iraupena zehazteko, ez eta aparteko ordu baimenduen gehieneko kopurua zenbatzeko ere, eta aparteko orduak balira bezala ordainduko direla».
Era berean, 35. artikulu horretan adierazten da aparteko orduak nola tratatu. Batetik, esaten da urtean ezin direla 80 aparte ordu baino gehiago egin, eta lanaldiaren zenbatekoaren arabera, proportzioan gutxituko dela zenbateko hori ere. Horrez gain, aparteko ordu horiekin zer egin ere argitzen da. Hitzarmen kolektiborik ez badago, banakako kontratuetan erabaki behar da, edo aparteko orduak ordaindu, edo ordu horiek ordaindutako atseden orduekin kitatu. Ordainduz gero, noski, aurretik finkatu beharko da kopurua, eta ezingo da izan ordu normalaren balioaren azpikoa. Itunik ez badago, aparteko orduak egin eta hurrengo lau hilabeteetan atseden orduak hartuta kitatu behar dira.