Asteburu arrakastatsua izan zen aurrekoa, CD Hernaniko atletentzat. Hiru lasterketa edo txapelketatan, emaitza bikainak lortu zituzten, gaztetxoek zein helduek.
Nabarmenena, Ainhoa Toledorena izan zen, Euskadiko 20 urtez azpiko Txapelketan, larunbatean Gasteizko Mendizorrotzako pistan. Mailu jaurtiketan lehiatu zen Toledo, eta lau kiloko mailua 36,99 metrora jaurtita, zilarrezko domina kolkoratu zuen.
Alebin eta infantil mailako atletek, berriz, Gipuzkoako Txapelketa zeukaten igandean, Zumarragan. Eta txapelketan parte hartzeko txartela zeukaten lau atletetatik, hiru igo ziren podiumera: alebinetan, bigarren izan zen Eki Jimeno; eta infantiletan, bigarren Amaiur Velez, eta hirugarren Mikel Campos.
Hondarribiako podiumean, Maria Lopez hernaniarra
Bestalde, larunbatean, 10 kilometroko lasterketa jokatu zen Hondarribian, eta onenen artean sailkatu ziren hernaniarrak. Emakumezkoetan, hirugarren sailkatu zen Maria Lopez, laugarren Hoki Guerrero, eta zazpigarren Maitane Guerrero. Eva Esnaolak, garaipena lortu zuen beteranoen artean. Gizonezkoetan, berriz, bosgarren izan zen Sergio Roman. Javi Sodupek, Iñaki Ollok eta Jose Ignacio Ollok ere hartu zuten parte.
Gipuzkoako Txapelketa absolutua, gaur eta bihar
Asteburu honetan, berriz, Donostiako Anoetako miniestadioan daukate zita. Maila absolutuko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, gaur eta bihar.