Iker Salaberria ez da garaipenak lortzeaz asetzen. Aurreko igandean, beste txapela bat lortu zuen Cuairan atzelariarekin bikotea osatuz, lehenengo mailako afizionatuetan, Ajangizko (Bizkaia) zazpigarren esku pilota txapelketan. Igandean jokatu zituzten finalak, eta goizuetarra ezin hobeto aritu zen, Corteseko (Nafarroa) atzelariak ondo lagunduta. 22-11 irabazi zieten, nagusitasunez, Lerena eta Gartziari. Txapela janzteaz gainera, finaleko pilotari onena izendatu zuten Salaberria.
Pilota Gozo Txapelketa Azkarra, gaur arratsaldean
Gaur, berriz, Pilota Gozo Txapelketa Azkarra jokatuko dute, Goizuetan, 16:30etatik aurrera, Umore Ona elkarteak antolatuta. Herriko pilotariei ez ezik, kanpokoei ere irekia da, eta hasi aurretik eman beharko dute izena, parte hartu nahi dutenek; bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko dituzte. Baina, ondoren, saria jasoko dute, txapelketako pilotari onenek: opari «ederrak bezain mamitsuak» prestatu dituzte.