Ur sarea Garraio Hirira bideratzeko, Bidegirekin hitzarmena onartuta

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 25a, 02:00

Asteazkenean egin zuen legegintzaldiko azkeneko Plenoa, ezo­hikoa, Astigarragako Udalak. Eta landutako puntu guztiak onartu ziren, batzuk aho batez, besteak berdinketarekin. Baina batzuetan, eztabaida izan zen.

Bereziki, bi puntuk eragin zuten ika-mika. Aurrena, ibai parkeko lurrak doan jasotzeari buruz aritu ziren, Britac Pro­yec­tos S.L. enpresak Udalari eman­­da. Alde bozkatu zuen EAJk, eta abstenitu egin zen EH Bildu; PSE-EEko zinegotzia ez zen Ple­noan izan. Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak, salatu zuen «eskandalu baten azkeneko pausoa» zela hori: «hasierako hitzarmenetik oraingora, 1,5 milioi euro galdu ditu Uda­lak; kontuhartzaileari eskatuko diogu, galera horri buruzko azterketa bat egitea». Zorione Etxe­zarraga alkateak erantzun zion, diferentzia horren zati bat dela, hasieran gainaldeko pasabidea egin behar zutela, en­presaren kontura joango ze­na; «baina azkenean ez da be­ha­rrezkoa, ADIFekin egingo bai­tu». Gartziak adierazi zuen, «herritarrentzako onura» izan behar zirela 1,5 milioi euro horiek.

Eta beste eztabaidagai na­gusia, izan zen Udalak, Bidegik eta Astigarraga Lantzen S.A. so­zietate publikoak sinatuko du­ten hitzarmena. Horren arabera, elkarrekin bideratuko dute edateko ur sarea, Garraio Hiri­ra eta Zarkumendegi poligonora, gastuak konpartituz.

Andoni Gartziak galdetu zu­en: «esan duzue, bakoitzak be­re aldetik eginez gero, gastuak bikoiztuko liratekeela. Zenbat aurreztu du Bidegik eta zenbat Udalak? Horrelako proiektu bat inposatu behar badigute, herritarrei ezertxo ere informatu gabe, gutxienez beraiek ordaindu zezaketen dena». Alkateak erantzun zion, «berdin-berdin» egin behar zuela Udalak obra hori, eta «aukera ona» iruditu zitzaiela elkarrekin egitea: «be­raiek estimazio bat egina zeukaten, eta horren arabera or­dainduko digute». Azkenean, EAJk alde eta EH Bilduk kontra bozkatuta, alkatearen kalitatez­ko botoak erabaki zuen.


Bost puntu, aho batez

Gainerakoen artean, aho batez onartu ziren, gai-ordeneko bost puntu: soldatak uztailetik %0,25 igotzea, Barne Produktu Gordi­na­ren igoera %2,5 baino haundiagoa izan zelako 2018an; Foru Aldundiarekin hitzarmena si­natzea, men­dekotasuneko pres­­tazio ekonomikoa jasotzen du­ten herritarrek jasotako zain­tzaren kalitatearen jarraipena egiteko; lankidetza-hitzarmen berria sinatzea, Buruntzaldean bazterkeriako arrisku egoeran dauden pertsonentzat tutore­tzapeko etxebizitza zerbitzua emateko; etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontrataziorako pleguak erabiltzea, lizitazioa be­rriro ateratzeko, hutsik geratu dela eta; eta babestutako etxebizitzetako erabiltzaileentzat laguntza zerbitzua emateko, lehiaketaren pleguak onartzea.

Aho batez onartu ez zen bes­te puntua, izan zen kreditu aldaketa bat egiteari bu­ruzkoa. Izan ere, alegazio bana aurkeztu zuten udal idazkariak eta EH Bilduk, eta bigarrena ez zen onartu: eskatzen zuen, DBHren­tza­ko partzela hiritar­tzeko adinako partida bat jaso­tzea; eta Dastatzenek Udalare­kin daukan zorra kitatzeko, enpresak Bide­bitarten daukan pabilioia erabiltzen uztea doan, Brigada­ren­tzako izan dadin.

Alkatearen kalitatezko boto­ari esker onartu zen, EH Bildu­ren alegazioa atzera bota eta kreditu aldaketa egitea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!