Gaur erabakiko da zeintzuk lortuko duten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Lau hernaniar ariko dira kantuan gaurko kanporaketetan, helburu hori lortzeko lanean, baina beste batzuk seguru daukate sailkapena.
Lau hernaniar, bi saiotan
Azken bi kanporaketak jokatuko dira gaur, 17:00etan hasita; bata, Bergarako Seminarixoan, eta bestea, Donostiako Larratxo Kultur Etxean. Horietan ariko dira lau hernaniar.
Bergaran aritzea egokitu zaie A multzoko Eli Pagola Apezetxea, Oier Iurramendi Etxeberria eta Beñat Mujikari. Haiekin batera ariko dira Ane Zuazubiskar Iñarra, Urko Arregi Markuleta eta Pello Basurto Arruti.
Iñaki Zelaia Irazusta, berriz, B multzoan, Donostian ariko da, eta saio berean izango dira Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Oier Etxeberria Zubimendi, Josu Ibarguren Elosegi, Haizea Arana Cardenal eta Ane Beloki Lopez.
Sarrerak, baterako zein besterako, leihatilan jarriko dira salgai, 16:00etan.
Iker Ormazabal, Eñaut Martikorena eta Asier Azpiroz sailkatuta daude. Andoni Mujikak aukeraren bat badu oraindik, eta gaur txartela lortzen saiatuko dira Pagola, Iurramendi, Beñat Mujika eta Zelaia.
Hiru sailkatuta, dagoeneko
Orain arteko saioei erreparatuta, badira bi hernaniar dagoeneko Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzea lortu dutenak: Iker Ormazabal Ojeda, B multzoan, 325 punturekin, eta Eñaut Martikorena Lizaso, A multzoan, 318 punturekin. Azken multzo honetan, Andoni Mujika Izagirrek, 304,5 punturekin, sailkatzeko aukera badu oraindik. B multzoan, bestalde, Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Kabiyako Asier Azpiroz Iztueta, Axpi zubietarrak ere lortu du pasea, 329 punturekin.
Denera, multzo bakoitzean puntuazio altuena lortzen duten 17 bertsolarik lortuko dute sailkatzea; hau da, 34k. Hauek, dagoeneko sailkatuta daude 14 bertsolariekin egingo dute bat, irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Sailkatuta dauden horien artean dauden Hernaniko Bertso Eskolako Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiak eta Agin Laburu astigartarra.