Osiñagako jaietarako prestatzen hasteko bertso afaria antolatu du gaurko Jai Batzordeak. Gaueko 21:00etan elkartuko dira, Zikuñaga auzoko Eñaut Martikorena, Martindegiko Iker Ormazabal Tturko eta Osiñagako bertako Andoni Mujika Anatx bertsolari gazteekin, saio eder batekin gozatzeko. Dagoeneko, 28 urte badira, jaiak hasteko Hernaniko Bertso Eskolako bertso?lari gazteekin saioa antolatzen dutela.
Hau motorrak berotzeko bakarrik izango da, hala ere. Izan ere, festak ekaineko aurreneko asteburuan, 1 eta 2an egingo dira.
Festetako egitaraua bihar banatuko dute, eta horrez gain, jaietan urtero egiten den auzoko bazkarirako izen-emateako jasoko dituzte etxez etxe. Bazkari hori ekainaren 2an egingo da.
Zubi berria eta pelota partidu berezia, festetan
Festetako egitarauan aldaketa bat egin dute. Ekainaren 2ko pelota partiduak 11:00etan hasiko dira. Horiek gazteen artekoak izango dira. Baina gero, eguerdiko 12:00etan hasita, Master Cup txapelketan aritu diren bikoteak ariko dira elkarren kontra: Araitz Eizagirre eta Naroa Elizalde, Maria Granado hernaniarra eta Alaitz Badiolaren kontra, hain zuzen.
Bestalde, Elorrabiko zubi berria dela eta, jaiei bertan emango diete hasiera, ekainaren 1ean, eta gonbidapena luzatu diete auzotar eta herritar guztiei, bertan egingo den ekitaldi eta omenaldian parte hartzeko.