Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko abuztuan argitaratu zuen Buruntzaldea-Tolosa-Donostia autobus zerbitzu publikoetarako aurreproiektua, eta LAB sindikatuaren esanetan, «denbora gehiegi daramagu PNV eta PSOEk osatzen duten Diputazioak emakida berria martxan jartzeko zain».
Era berean, salatu du «2019 hasierarako martxan egotea espero zen emakida hau atzeratzea erabaki dutela dirudiela, baliteke hauteskunde garaian horrelako murrizketa neurriak hartzea ez delako estrategia elektoral egokia». Hala ere, «murrizketen aplikazioa aurreikusten jarraitzen dutela» gogorarazi du sindikatuak, eta «egun Buruntzaldean dauden 1.069 zerbitzuetatik 735 zerbitzu izatera pasatzea» dela asmoa. Hori horrela, hainbat eskaera «exijentzia bihurtu» dira.
«Ondorioen erantzukizuna bere gain hartzea», eskaera
Emakida berri hau 2017an aurkeztutako aurreproiektuaren kontra jasotako erantzunaren ondoren iritsi da, LABek azaldu bezala. «Autobusetako langile zein herritarren inplikazioari esker, honen aurkako 7.000 sinadura eta 4.000 alegazio bildu ziren Hernani eta inguruetako herrietan». Baina gogorarazi du, «indar metaketa honi esker, aurreikusten ziren murrizketak gutxitzea lortu bazen ere, oraindik ez direla guztiz bertan behera utzi». Era berean, azpimarratu ditu «paralizazio eta ezjakintasun egoera honen» ondorioak: «enpresa hitzarmenen blokeoa, inbertsio eza...».
Horregatik, Aldundiari «exijitu» dio, «irizpide ekonomikoen gainetik interes soziala eta kalitatezko zerbitzu publikoa lehenestea, egungo zerbitzuak bermatzea, eta prozesua geldi egoteak ekarri dituen ondorio larrien erantzukizuna bere gain hartu eta irtenbide efektibo eta azkar bat ematea».