Ostiralean eta larunbatean egingo dituen saio praktikoetan parte hartzeko euskaltzale boluntarioak behar ditu Leire Otxotorena hernaniarrak. Euskera-dinamizatzailea eta itzultzailea da, eta horrez gain, Hizkuntza Plangintza graduondoa egiten ari da.
Hain zuzen, ikasketa horiekin lotuta, Gemma Sangines (TELP tailerren sortzaileetakoa) tutorearekin batera, sakontze-egitasmoa dauka martxan, eta horretarako behar ditu boluntarioak. «Euskaldunok gertuko harremanetan hizkuntzarekin ditugun gorabeherak aztertzeko saio dinamikoak» prestatu ditu, «teoriatik praktikara jauzi egiteko», azaldu duenez.
Bi saioetatik bakarra, nahikoa
Saio horiek Biterin egingo dira, ostiralean, hilak 24, 19:00etatik 21:00etara, eta hilaren 25ean, larunbata, 10:45etatik 13:00etara.
Saio bakarrean parte hartzea nahikoa dela jakinarazi du, eta mota guztietako euskaldunak ongietorriak direla: «euskaldun zaharrak, euskaldun berriak, gazteak, adinekoak, helduak, emakumezkoak, gizonezkoak...».
Batean zein bestean edota bietan parte hartzeko, aurretik konfirmatu behar da, 627 285 904 telefonora whatsappa bidalita edo lotxotorena@yahoo.es helbidera idatzita. «Saio arin eta praktikoak» izango dira.