Aurten ere Oriamendi 2010 enpresak Promozio Txapelketa antolatu du, Berria Txapelketa 2019 izenburupean. Ostegunean jokatu ziren lehenengo bi partiduak eta gaur, Galarretan, lehenengo jardunaldia amaituko da beste bi partidurekin.
Eguneko hirugarrengoan, eta txapelketako lehendabizikoan Otaegi-Garces, Segurola eta Zalduaren kontra ariko dira. Jaialdia itxiko duen partiduan, Zubiri goizuetarra ariko da. Azpiroz du lagun eta Etxarri eta Agirrezabala izango dituzte aurkariak. Azken partidu hau B taldeari dagokio eta bestea A taldeari.
Juanenearen erakustaldia
Lehendabiziko bi partiduetan emaitza oso bestelakoak egon ziren. A taldeari dagokionean Juanenea eta Labakak erraz gainditu zituzten Ansa II eta Arruarte urnietarrak. 35-20eko emaitzarekin urnietarrak puntu negatiboa dute.
B taldeko partiduan lehia haundiagoa egon zen eta 35-33 irabazi zuten Goikoetxea V eta Aizpuru IIIak, Aldabe eta Larrañagaren kontra. Beraz, lau eta bi puntu dituzte.
Azpimarragarria da oso Juaneneak jokatutako partidua. Dena egin zuen ongi eta 24 tantorekin amaitu zuen, akats bakarra egin gabe.
Azpiroz-Zubiri, bi atzelarik osatutako bikotea
Gaurko partiduen zain egon behar da jakiteko bi taldeetako sailkapenak nola geratu diren. Oso garrantzitsua da, nahiz eta galdu, punturen bat lortzea edo behintzat puntu negatiborik ez batzea. Horregatik, zaila jarri zaie txapelketa hasiera hasieratik, Ansa II eta Arruarteri.
Zubiri B taldeko partaide da, eta hemen, lehendabiziko partidu estua eta gero, irabaztea edo punturen bat batzea oraindik ere garrantzitsuagoa da, atzean ez geratzeko. Azpiroz du lagun Zubirik.
Horrek esan nahi du, bi atzelarik osatzen dutela bikoa. Huitzikoari, atzelaria izanagatik ere, ez zaio arrotza egiten aurrelari bezala jokatzea eta bikote sendoa osatzen dute. Hala ere, Etxarri eta Agirrezabala arerio gogorrak izango dira, bikote orekatua baitira. Bi atzelariak sakatzaile onak dira.