San Joan Jai Batzordeak badaramakizki urte batzuk Hernaniko jaietan animalien erabilera nolakoa den aztertzen. Bide horretan, eztabaida antolatu zuen aurreko ostegunean Animalien erabilpena Hernaniko jaietan izenburupean, Biterin.
Jon Odriozola hernaniarrak moderatuta, sokamuturraren aldekoek eta animalien eskubideen aldekoek hartu zuten parte. Hain zuzen, Aitor Jaurrietak ordezkatu zuen Askekintza, eta Chapu Apaolazak, aldiz, Sokamuturra Bai!
Aretoa jendez lepo, gazteak izan ziren nagusi. Hasteko, talde bakoitzak aukeratutako bideo bana ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek, eta ondoren hasi zuten eztabaida.
Iritziak mahai-gaineratzen laguntzeko, Odriozolak egindako galderei erantzun zieten, banan-banan; denera, bost.
Adostasun bakarra
Aitor Jaurrietak hartu zuen hitza bideoak ikusi ondoren. Haien inguruan hausnartu zuen: «argi eta garbi ikusten da bigantxak eta zezenak gogoz kontra daudela. Ez da justua animaliok, gizakiak edo ez, horrela tratatzea». Eta areago ere joan zen: «dibertsioak ez du justifikatzen beste inoren sufrimendua».
Chapu Apaolazak, aldiz, zezenak berezkoa duela adierazi zuen: «borrokarako animalia da zezena, hori da haren izaera. Eta bakarrenetarikoa da sufrimenduaren aurrean ihes egiten ez duena».
Animalien sufrimenduaren eta ekintzaren beraren inguruan, aurreko tesiei erantzunez, aritu ziren haien iritziak ematen, bata besteari entzuten. Adostasun bakarra lortu zuten: ez batak, ez besteak ez du galdeketa bat babesten. Sokamuturraren aldekoek, «aniztasuna» aipatzen dute arrazoitzat; Askekintzakoek, aldiz, diote «animalien gainetik» ezin dugula erabaki.
Eztabaida sutsuena, aldiz, publikoari hitz eman zitzaionean sortu zen.
Bideoa, webgunean
Bi ordezkarien arteko bideoa lotura honetan ikusi daiteke.