Egun mugitua dute gaurkoa, Hernani eta Astigarragako pelotariek. Izan ere, bi herrietako ordezkariek dauzkate Herriarteko Txapelketako partiduak, bai eskuz eta bai palaz.
Palistek, final zortzirenetako bueltakoa izango dute. Aian hiru partiduetatik bi irabazi ondoren, final laurdenetara pasea ziurtatu nahi du Hernanik; 20:00etan jokatuko dute, kiroldegiko frontoian.
Astigartarrek, berriz, kanporaketari buelta eman nahi diote, Donostia iazko txapeldunaren kontra, joanekoan 1-2 galdu ondoren. Loiolako frontoian ariko dira gaur, arratsaldeko 20:00etan hasita.
Eskuz debuta, Aduna eta Oiartzunen kontra
Eskuz, berriz, gaur ekingo diote txapelketari bi herriek, final zortzirenetan. Txomiñenen jokatuko du Astigarragak, eta Oiartzun izango du kontrario, 20:00etan hasita. Hamaika pelotarik osatutako taldea daukate astigartarrek, hiru mailetakoak; eta gaur erabakiko dute zeinek jokatuko duten.
Hernanik, berriz, Adunako frontoi berezian jokatuko du joanekoa, bertakoen kontra, 19:30etan. Hernaniarrak dira faborito, aurrera egiteko: Unax Uitzi eta Unai Etxarri ariko dira kadeteetan, Xabier Salaberria eta Oihan Zugasti jubeniletan, eta Paul Ojuel eta Markel Lizeaga nagusietan. Aurreneko bietan, partidu berdinduagoak espero dira, baina oso faborito dira hernaniarrak, nagusietan, duten mailagatik, eta bi aurrelariren kontra ariko direlako.
Bestalde, Baionan jokatuko dute gaur, 20:00etan, Garazi Urdangarin eta Ekhiñe Balerdi palista hernaniarrek. Euskal Herriko Trinkete Txapelketako partidua dute jokoan.