Azken hiru legegintzalditan ez duzue ordezkaritzarik lortu; baina aurten 21 zinegotzi izango dira, 17 beharrean. Horrek onurarik ekarriko dizue?
Udaletxe guztietara asmo berarekin aurkezten da PP; bizilagunen bizitza hobetu ahal izateko asmoarekin, eta horregatik egiten dugu borroka, nahiz eta badakigun egoera oso konplikatua dela, guretzako. Zinegotzi kopurua haundiagoa izateak ez du zertan onurarik ekarri behar, udaletxean izan dezakegun presentziari dagokionean.
Beharrezkoa balitz, norekin egingo zenituzkete akordioak, gobernatzeko?
Akordioetara iritsiko gara, beti ere, akordio horien azken helburua hernaniarren bizitzak hobetzea bada, baina beti zehazten ditugun marrak zeharkatu gabe; hau da, terrorismoa kondenatzea edota Espainiaren parte izatea, adibidez, ez baikaude marra horiek zeharkatzeko prest.
Zein dira zuen helburu eta erronkak?
Hernaniko bizilagunek ahalik eta bizi kalitate onena izan dezatela, herriaz goatu dezatela, bizitza bertan egin dezatela, lan egin nahi dutenek lan egin ahal izatea, zergak igotzen ez jarraitzea. Zergadunek egin dituzten ahalegin haundiak egin ondoren, lasaitzeko garaia da, estutzeari uztekoa. Eskaintza kultura zabal bat izatea, eta hala behar duten adinekoen eskura izan ditzatela giza baliabideak.
Legegintzaldiko proiektu potoloetako bat, igerilekua berritzea izan da. Emaitzarekin gustura geratu zarete? Kirol arloan zer gehiago dago egiteko?
Hernaniko kiroldegiak beharrezkoak zituen berehalako berrikuntzak, zaharkituta zegoela-eta, baina berrikuntza horiek gauzatzeko hainbeste denbora edukita, ez dirudi oso ondo planifikatu direnik. Bestalde, ulertzen dugu akatsak ez direla hain larriak, eta, beraz, ekintza ez oso haundiekin konpondu ahal izango direla.
Pasa den legegintzaldi honetan hainbat parte-hartze prozesu egin dira. Zein jarrera hartuko du PPk horrelakoei dagokienez?
Ez gara sekula herritarren ahotsa entzutearen kontra jarriko, ekintza osasungarria baita. Baina, azken batean, politikariok gara haien bizitzak hobetzeko konponbideak proposatu behar ditugunak. Horretarako aukeratzen gaituzte, baina denen gainetik pasa gabe, hori argi geratu dadila.
Berdintasun arloak garrantzia gero eta haundiagoa hartu du. Emakumeen Etxea errealitate izango dela dirudi. Zein dira zuen proposamenak?
Berdintasunaren alde edozer egin ahal izatea aurrerapausoa iruditzen zaigu. Emakumeek hainbat ekintza garatu ahal izango dituzten elkargunea izan dadila, entzunak izango diren tokia, eta batez ere, haien arazoak konpondu ahal izango diren tokia. Emakumeen Etxea errealitate bihurtzen denean, iruditzen zaigu bere helburu nagusietako bat izan behar dela tratu txarrak jasotzen dituzten edo baliabide ekonomikorik ez duten emakumeentzat konponbideak bilatzea eta laguntza eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea. Gutxienez, egiten dituzten eskaerak erakundeetara helarazten laguntzea, baliabideak eskura jartzeko aukera baitute.
Herri osora iristeko ahaleginean, auzo batzuk ahaztuta daudela salatzen dute. Zer dago aurreikusita arlo horretan?
Hernaniko auzoetako bizilagunek, erdigunean bizi direnek dauzkaten eskubide berak dituzte, oinarrizko zerbitzuak eskura izateko, espaloi eta errepideak behar bezala edukitzeko, kanalizazio egokiak izateko, esertzeko bankuak izateko, parkeak eduki eta garbi mantentzeko... Zentzu horretan lan egin nahi dugu, noski; aurrena, bizilagunen kexak entzunda, aukeratuak izaten bagara, eta haien eskaerei erantzuna emanda.
Txotx denboraldia onura zein kalte iturri izaten da; kalteei aurre egiteko hainbat neurri hartu dira azken urteetan. Zer egingo zenukete?
Argi dago ezinezkoa dela denak asebetetzea. Batetik, ostalariak, urte osoan bizirautea ahalbidetuko dien irabaziak lortzeko aukera ikusten baitute denboraldiak irauten duen lau hilabeteetan. Bestetik, bizilagunak, atsedenerako eskubidea dutenak. Uste dugu konponbideak bilatzen hasteko neurri egokiak liratekeela zigor gogorragoak jartzea zikindu eta triskantzak eta zaratak sortzen dituztenei, eta poliziaren presentzia areagotzea. Herri guztietan, tabernak dauden inguruetan dagoen arazo endemikoa da hau, albistegietan etengabe ikusten dugu. Onena litzake gizalegezko kontzientzia hartzea, bai tabernetan lanean aritzen direnek, eta baita tabernetan gozatzen dutenek ere. Baina beldur gara, hau ez dela nahikoa izango, eta neurri gogorragoak beharko direla.
Aparkaleku falta ere arazoa da askorentzat. Proposamenik baduzue?
Egia da bizilagunentzat hau arazo larrienetakoa dela. Moduren bat bilatu beharko da erdigunean aparkatzeko lekuak egokitzeko, eta kotxearen erabilera murriztea sustatu eta herritarrak garraio publikoa erabiltzera bultzatzeko; azken honek kalitate onekoa behar luke. Agian hau litzake gai egokia, herritarren proposamenak jasotzeko.
Iaz egin zen Euskaraldia, eta euskeraren erabilera omen da datozen urteetako erronka. Zein ildo jarraituko duzue euskerari dagokionean?
Ahobizi edo belarriprest kanpaina zoragarria iruditu zitzaigun, bete-betean asmatu zen. Kanpaina atsegina da, euskeraz ez dakitenak gutxiesten eta inposiziorik bultzatzen ez duena, eta parte hartzera bultzatzen duena. Uste dugu euskal erakunde guztietan baliabide asko bideratzen direla euskara sustatzeko politiketara, baina trukean ez dira espero diren onurak jasotzen, zerbaitek ahalegina eskatzen duenean, eta gainera, inposatua denean, arbuiatzea eragiten baitu. Horrek are baliotsuago egiten ditu barneratzaileak diren kanpainak, baztertzaileen aldean.
Garbiketa publifikatu da, eta orain, konposta egitea ere herriaren esku geratzeko ahalegina egin nahi izan du udal gobernuak. Hondakinen kudeaketari dagokionez, zer proposatzen duzue zuek?
Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako 2019-2030 Plan Orokorrean jasotzen diren helburuak lortzeko kanpainak. Gipuzkoa lurralde eredugarria da zentzu honetan, baina oraindik ere ahalegin bat gehiago eskatu diezaiekegu gipuzkoarrei, eta kota europarretara iristea lortu.
Elkarbizitzaren alorrean, legegintzaldi hasieran sortu zen Bizikidetza Mahaia, baina azken hilabetean desadostasunak sortu dira. Nola ikusten duzu gaia?
Moduak egon behar dira, baina zaila da, udaletxean gidari direnek sufrimendu bakarra errekonozitzen badute; Bilduren lagunena, eta ETAren biktimen aurrean ezikusiarena egiten badute. Baita Hernani egunkarietan agertzen denean ere, institutuan, adin txikikoek, etakideei omenaldiak egiten dizkietelako. Horrelakoekin ezinezkoa da Bizikidetza Mahaiak aurrera egitea, oinarrian, sinesten ez dutelako eta elkarbizitzarako oinarria sekula ezin daitekeelako izan soilik norberaren pentsaerarekiko errespetua.
Titularrak
1. Cristobal Carretero Gomez
2. Alvaro Bustamante De La Mora
3. Maria Isabel Corral Rodriguez
4. Gema Vicenta Belinchon Duarte
5. Conrado Garcia Calleja
6. Ilona Bodnaryuk
7. Maria Gloria Dominguez De Miguel
8. Maria Eugenia Espinosa De Los Monteros
9. Luis Cubillo Cubillo
10. Pedro Ponce De Leon Hernandez
11. Emma Benitez De La Rosa
12. Javier Lorenzo Moreno
13. Ana Maria Julia Diez De Rivera
14. Santiago Maria Ortiz De Solorzano Cubillo
15. Diana Rodriguez Fernandez
16. Lucas Allende Martinez-Cubells
17. Maria Teresa Talens Bolos
18. Encarnacion Aspron Herrero
19. Alvaro Mayoral Sola
20. Luis Felix Verdeja Lizama
21. Virginia Sanz Rodriguez
Ordezkoak
1. Juana Sanchez Hurtado