Sagardo munduan iraultza bat gertatzen ari dela diozu.
Gizartean gauzak asko aldatu dira azken urteetan eta sagardo mundua ez da atzean gelditu. Hiru urtean izandako aldaketa ikusgarria izan da eta datorrena haundiagoa izan da. Bertako sagarrarekin beste modu batean lanean hasi da sektorea eta horrek Euskal Sagardoan eta kalitatean ez ezik, dibertsifikazioan ere pauso haundi bat emateko bidea jarri du. Apustu haundia hasi da egiten bertako sagarrarekin. Bertako produktua zaindu eta kontsumitzea ezinbestekoa da. Orain dela 30 urte ardo munduaren iraultza izan zen, olio munduan etorri zen baita ere eta orain dela gutxi ikusi dugu garagardo munduaren iraultza. Sagardoaren garaia da eta iraultza hori gertatzen ari da.
Eta nola gauzatzen da hori?
Nola? Lehenik eta behin bertako sagarrari garrantzia emanda. Horrek ingurua aberasten du, baina baita kalitatea bermatu ere. Inguruko baserritar eta sagardogileek kontrolatzen dute sagarra, etxe ondoan dutelako. Hori ari da aldatzen sagardoaren kalitatea beste hainbat faktorerekin batean. Sagardo sektoreak Ibilbide berri bat hasi du eta etorkizun haundia dauka.
Sagardoa edozein mahaietarako moduko produktua dela esan izan duzu askotan.
Sagardoa edozein barra eta mahaitarako produktua izan litekeela erakutsi dugu. Edozein mahaitan eta edozein produkturekin ezkondu liteke. Sagardo mota desberdinak daude, sagar mota desberdinak daudelako eta geroz eta gehiago dibertsifikazio eta kalitatean lan egiten ari delako sektorea. Lan eta aukera guzti horiek ostalariari trasladatu behar dizkiogu orain, gure taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoei. Horregatik emango dugu larunbat goizean profesionalei zuzendutako dastatze-hamaiketakoa. Eta dibertsifikazio hori haunditzea izango da etorkizuneko iraultza. Nola lan egin bertako barietateekin. 115 sagar mota klasifikatuta ditu Euskal Sagardoak eta hori izugarrizko altxorra da.
Larunbateko egunari begira zer esango zenioke jendeari?
Etorri Atsegindegira larunbat arratsaldean eta probatu Euskal Sagardo desberdinak; asko harrituko zarete Euskal Sagardoa zigilupean ze sagardo desberdinak dauden. Etorri eta Gozatu!
Eta sagardoa kopan edatearen inguruan?
Bakoitzak edan dezala, nahi duen eran, baina sagardogilearen eta sagargilearen lana hobeto apreziatzeko dudarik gabe, sagardoa kopan.