Bi musika emanaldirekin gozatzeko aukera izango da asteburuan, Hernanin.
Aurrena, ostiralean, Hernasax, musika eskolako saxofoi taldeak emango du kontzertua, 19:00etan Tilosetan. Euria eginez gero, Milagrosara mugituko dira. Denera 8 obra joko dituzte, obra klasikoak edota swing pixka bat daukatenak nahastuta.
Hurrena, larunbatean, Goiz Eguzki abesbatza ariko da 19:00etan Milagrosan. Aurrena gizonen korua ariko da, Javier Zubimendiren zuzendaritzapean, eta segidan, emakumeena, Ixiar Zubimendik gidatuta. Emanaldia borobiltzeko, guztiak elkarrekin ariko dira. Abeslariak, gainera, ez dira bakarrik ariko. Izan ere, abesti batean Xabier Odriozola biolin-jolea izango dute lagun, eta baita dantzariak ere, eta beste obra batean Boni Agirresarobek lagunduko die txistuarekin, eta Kanariok atabalarekin.