Hainbat proiektuko programa proposatu du udal hauteskundeetarako EAJk, hautagai zerrenda aurkeztearekin batera. Proiektuak «anbizio haundikoak» direla dio, baina «barne kudeaketa onarekin, prestatutako zinegotziekin, eta beste erakundeekin elkarlanean arituta, egingarriak».
Besteak beste, asmoa azaldu du trafikoa berrantolatzeko, taxi gidari, herritar eta merkatariekin batera; Milagrosan eta Karabelen bi aparkaleku eraikitzeko; Portu-Elizatxo eta Etxeberrin igogailuak eraikitzeko; Zinkoeneako alde bateko trafikoa kendu eta Urumea pasealekua hobetzeko; Etxeberri parean ibilgailu eta oinezkoentzako pasabidea sortzeko, Landaren, Zubipen eta Karabelen eragin gabe; berdintasun politikak bultzatzeko; kirola sustatzeko; merkataritza, in-dustria eta turismo zinegotzi postua sortzeko; Atez Atekoa kentzeko; adinekoen beharrei erantzuteko eta udalak kudeatuko lukeen etxebizitza publikoen parkea sortzeko.
«Hernaniarrek botoa eman dezatela»
Hautagai zerrendari dagokionez, «Hernaniren alde lan egiteko helburua duten emakume eta gizon taldeak osatutakoa» dela azpimarratzen du, afiliatuak eta ez afiliatuak tarteko, hainbat arlotan lan egindakoak eta zinegotzi ere izandakoak.
Hori horrela, eta azken hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, «sorpresa» emateko aukera ere ikusten dute. Horretarako, «hernaniarrek botoa eman dezatela» behar dute.