Ostiralean aurkeztu zituen Esti Aldeiturriaga, Jarduera Fisikoa eta Kirol zinegotziak kiroldegian martxan jarri diren zerbitzu berriak. Hernani Oinez ekimena ere aurkeztu zuen, bestalde.
Kirol klubei, espazio gehiago
Zerbitzuetako bat herriko kirol klub eta bestelako elkarteei begira jarri da martxan. Horrela, espazio batzuk bilerak egiteko egokitu dira. Era berean, materiala gordetzeko gaur egun klubek daukaten lekuaz gain, dokumentuak gorde ahal izateko takilak jarriko zaizkie eskura.
Bestalde, eskola kiroleko koordinatzaileek ere bulego bat izango dute kiroldegian.
Familia kontziliazioa helburua, ludotekak
Familiei begira ere, espazio berri bat jarri da martxan, hain zuzen, «familia kontziliazioa erraztu nahian». Gela bat haurrentzako ludoteka izateko egokitu da. Erabilera librekoa, zaintzarik gabea, eta txikientzat prestatuko materialez osatutakoa izango da: irakurketa txokoa, eraikuntza txokoa, margoketa txokoa, jostailuak... izango ditu.
Honekin, haurrak ikastaroak egiten ari diren bitartean, anai-arrebentzako espazio egokia sortzea da asmoa.
Indoor walking eta ciclo indoor gelak, irekita
Azkenik, gimnasioko erabiltzaileentzat ere material gehiago eskura jarriko da. Batetik, bi zinta berri.
Baina, horrez gain, ikastarorik ez dagoen orduetan, indoor walking eta ciclo indoor ikastaroetako gelak irekiko dira, horrela, 20 bizikleta eta 14 eliptika gehiago erabilgarri egon daitezen.
Oinez ibiltzearen alde
Bestalde, Hernani Oinez egitasmoa ere aurkeztu zuen. Herrian oinez mugitzea du helburu, eta horretarako, informazio panelak jarri dira, bi kiroldegian eta bat Biterin, batetik bestera joateko zein distantzia dagoen eta zenbat denbora behar den jakiteko. Auzoetan ere seinaleak jarri dira.