Larunbatean jokatu zituzten, Ereñotzun, Eskolarteko Pala Txapelketaren finalak; eta neska infantiletan, Hernaniko bi talde aritu ziren, aurrez aurre: 25-19 irabazi zuten Maddi Iriondok, Alaitz Barrenetxeak eta Joana Tolaretxipik, txapeldun izateko, Ane Kerejeta, Enara Macicior eta Naia Barrenetxearen kontra; azken honek ezin izan zuen jokatu, min hartuta.
Partidu ederra jokatu zuen boskoteak, eta markagailuan talde bat zein bestea izan ziren aurretik, aldiro. Azkenean, partidu luze eta gogorraren nekea nabaritu zuten gorriek, eta urdinek lortu zuten garaipena.
Ikuskizun ederraz gozatu zuten, Ereñotzuko frontoia bete zuten ikusleek.
Herriartekoan emaitza ona Hernanik, Aian
Ostiralean, bestalde, Herriarteko Txapelketa hasi zuen Hernanik. Aiaren kontrako final zortzirenetan, etxetik kanpo jokatu zuten joanekoa, eta hiru partiduetatik bi irabazi zituzten: 20-10 irabazi zuen Lujanbiok buruz buru, 20-12 nagusitu ziren Arandia eta Zubimendi binaka, eta 19-20 galdu zuen Arregik, zazpi barruan.
Astigarragak sailkatzeko aukera, txapeldunen kontra
Zailagoa dauka final zortzirenetako kanporaketa, Astigarragak, Herriartekoan. Donostiaren kontra aritu behar izan du, iazko txapeldunaren kontra. Baina, hala ere, ez diote gaizki ekin astigartarrek.
Txomiñenen jokatu zuten joanekoa, larunbat arratsaldean, eta behintzat, bizirik iritsi dira bueltakora, sailkatzeko aukerarekin. Izan ere, bi partidu galdu eta bat irabazi zuten, baina tantoak alde dituzte: 20-8 irabazi zuen Axier Salaberriak zazpi barruan, 16-20 galdu Jon Gelbentzuk buruz buru, eta 19-20 galdu Txoperenak eta Zubiarrainek binaka.