Eguraldia lagun, giro ederrean ospatu zuten atzo, Goizutrail mendi lasterketa. Guztira, 210 lagunek hartu zuten parte, hiru modalitate ezberdinetan: 25 kilometroko proba nagusia, 10 kilometroko laburra, eta bikotekakoa, bien artean 25eko ibilbidea osatuz.
Eta ibilbide luzean, Iñaki Olano altzotarra eta Rosa Uribe usurbildarra nagusitu ziren. Olanok (2:10:25), aurrea hartu zien Xabat Manzisidor azpeitiarrari (2:12:09) eta Xuban Ezeiza urnietarrari (2:14:56). Ez zen urruti ibili, Hodei Lujanbio goizuetarra ere: zazpigarren helmugaratu zen (2:19:06). Uribek (2:51:01), berriz, alde haundiagoarekin irabazi zuen, Iratxe Alonso elgetarraren (3:17:23) eta Nerea Arriaga oriotarraren (3:24:29) aurretik.
Ibilbide laburrean, berriz, Aritz Mujika andoaindarra eta Ane Elzaurdia beratarra izan ziren nagusi. Narbarteko Jokin Arretxea eta Hondarribiako Nacho Lopez izan zituen lagun Mujikak, podiumean; eta Almudena Carvajal hernaniarra eta Leticia Ainhoa Arrillaga donostiarra, Elzaurdiak. Zigor Sagardui eta Maialen Apezetxea izan ziren, goizuetar onenak.
15 bikote, proba berrian
Binakako proba zen aurtengo nobedadea, eta 15 bikotek hartu zuten parte: batek ibilbide laburra osatu, herrian erreleboa eman, eta besteak gainerako 15 kilometroak. Horrela, Jon Labaka urnietarra eta Mikel Leal irundarra izan ziren probako azkarrenak.
Hiru probetako sailkapen osoa, etziko Kronikan izango da ikusgai; maiatzaren 21ean, hain zuzen ere.