Bilduma zabal bat aurkezteko jarri du hitzordua gaur, Izura kultura elkarteak: Jesus Mari Olano Fondoa emango dute ezagutzera, Hernaniko udaletxeko areto nagusian, eguerdiko 13:00etan hasita.
«Bilduma honek gorde ditu, 60ko eta 70eko hamarkadetan gure herrian euskera eta kulturaren alorrean sustatu eta antolatutako hainbat ekitaldiren inguruko dokumentazio eta soinu-erregistro nabarmenak», jakinarazi dute. Horien artean daude, besteak beste, Ez Dok Amairuren sorrerako emanaldia, edota Gabriel Arestiren hitzaldi historikoa. «Hernanin entzundako herri bizitzaren musika eta hotsak», azken batean.
Altxor horren zati bat, Jesus Mari Olanok eman zion Joxan Goikoetxeari, eta horregatik aurkeztuko dute gaur, Olano hil zela urtebete beteko den egunean, hain justu. Zuzeneko musika, eta bildumaren irudi eta grabaketak tartekatuko dituzte ekitaldian. Ordubeteko iraupena izango du.