Jesus Mari Olano fondoa udaletxean aurkeztuko dute bihar, 13:00etan, areto nagusian. Balio haundiko fondoa da hau. Ez Dok Amairuren sorrerako emanaldia, Gabriel Arestiren hitzaldi historikoa eta bestelako hainbat hots hernaniar digitalizatu eta herriari ematea da Jesus Mari Olano Fondoaren asmoa.
Hernanin Entzuna diskoan 1999an argitaratutako doinuak «lehendik grabatuta ez zeuden oinarrizko doinuak» dira Hernanirentzat, Joxan Goikoetxea Maritxalar, Aztarna argitaletxeko sortzaile eta Izura kultura elkarteko lehendakariaren esanetan. «Baina aurreikusten genuen altxorra zabalagoa zela». Altxor horren zati haundi bat, hain zuzen, iaz, maiatzaren 12an zendu zen Jesus Mari Olanok eman zion Goikoetxeari.
Grabazio desberdinak entzungo dira
1960-70eko hamarkadetan Hernanin antolatu ziren euskera eta kulturaren alorreko ekitaldietako soinu-erregistroek eta hainbat dokumentaziok osatzen dute bilduma, eta ordubete inguru iraungo duen aurkezpen honetan, zuzeneko musika eta bildumako hainbat irudi eta grabaketa ere tartekatuko dira.
Tartean daude Gabriel Aresti edota Iñaki Beobidek Hernanin emandako hitzaldien soinu-grabazioak, Xalbador bertsolariari egindako omenaldiaren saiokoak... 150 bat grabazio ordu digitalizatu dituzte.