Guztira, udal jabetzako 15 etxebizitza esleituko dira alokairu sozialerako. Babes Ofizialeko zortzi etxebizitzen esleipen prozesuan 94 eskaera egon dira. Zazpi zuzkidura-etxebizitzetarako, ostera, 37 eskaera jaso dira (30 gazte, 6 heldu eta egokitutako etxebizitzarentzat eskaera bat). Zuzkidura-etxebizitza horietako lau 35 urte baino gutxiago duten gazteentzat izango dira, bi 70 urtetik gorako pertsonentzat eta bat gaitasun urri iraunkorra duten pertsonentzat.
Udaleko webgunean dago zerrenda
Onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda argitaratuta dago dagoeneko Hernaniko udaleko weborrian: http://www.hernani.eus/eu/etxebizitza-esleipenak1.
Alegazioak egiteko epea, maiatzaren 21era arte
Udalak gutun bat bidali die eskatzaile guztiei haren eskaeraren egoeraz informatzeko. Alegazioak egiteko epemuga maiatzaren 21a da. Alegazioak erantzun ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Zerrenda horrekin batera, zuzkidurazko zazpi etxebizitzen zozketa eguna, ordua eta lekua ere zehaztuko dira.
Zozketa maiatzeko azken astean edo ekaineko lehenengo astean egitea aurreikusten da.
Babes ofizialeko etxebizitzak Etxebideren baremazioaren arabera esleituko dira eta zuzkidura-etxebizitzak, ostera, irizpideak betetzen dituzten guztien artean zozketatuko dira.