Atletismo pista ondoko haur parkea estaltzeko obra ­datorren astean hasiko da

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 11a, 02:00

Atletismo pistaren ondoko haur-parkea estaltzeko eta inguruko interbentzioak egiteko obraren exekuzioa adjudikatu berri du Udalak. Vaumm arkitektura eta hiri­gin­­tza enpresak egindako proiektua exekutatuko du, hortaz, Campezo eraikuntza enpresak. Exekuzio epea hiru hilabetekoa da eta horren aurrekontua 294.183,43 eurokoa da (BEZ barne).

Vaumm arkitektura enpresak egindako proiektuan jasotzen den interbentzioa bi fasetan egingo da.

Lehenengoan haurrentzako jolas-eremua: estalki be­rria eraikiko da, jolas irisgarriak jarri eta zoladura ere birgaituko da. Proiektu honen helburua da parkea espazio zabala izatea, elkargunea, eta, horren ondorioz, egun dagoen egurrezko itxitura kenduko da.

Aterpea lau estalkik osa­tzen dute eta denen artean kanpamendu moduko bat sortuko dute. Euskarria metalezko egitura bat izango da eta gaineko estalkia, polikarbonatozkoa. Material horrek estalkiari arintasun itxura emango dio, eta, geometria hautsiaren bidez, tokiari eta inguruko zuhaitzei egokituko zaie.  

Bigarrengo fasean parkearen ingurunea: berdegunean lau esku-hartze proposatzen ditu proiektuak. Helburua da egoteko guneak sortzea, plaza modukoak, parkearen egungo ibilbideak osatu asmoz. Lau puntu horiek estrategikoki aukeratu dira parkeari dagozkien lotuneekin eta harreman-eremuekin bat egiteko.


Egungo azpiegitura batzuk desagertuko dira

Horren ondorioz, egungo azpi­egitura batzuk desagertuko dira; egungo egurrezko itxitura, esaterako, kenduko dute eta eserlekuek osatuko duten perimetroak inguratuko eta babestuko du haur parkea. Horrela, egungo jolas-eremua espazio zabalagoa izango da, plaza modukoa.

Kanpoaldeko gimnasioa (helduentzako parkea) zabalduko da, parkea inguratzen duten bankuetatik bereizita geldituko da egoteko eremu bat sortzeko helburuz. Gune horrek Montevideo kalearekiko lotura sendotuko du.


Gabriel Zelaiako kirol kantxa eta parkea, eraldatu

Eraldatu nahi den beste eremu batean uztartu nahi dira Gabriel Zelaia plazan dagoen kirol kantxa eta parkea. Hartara, egoteko bigarren toki bat sortuko da, joan-etorriak bilduko dituena eta, alboetan, bi gune geldituko dira.

Parkearen erdialdeko gune zabal batean funtzio anitzeko plaza bat egingo da eta horrek eremu osoan sortuko diren beste guneak -haurrentzako, helduentzako eta gazteentzako guneak- osatuko ditu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!