«Koadrilen eguna dut gustokoen, horregatik jarri dut sua erdiraino»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 11a, 02:00

Hamaika lan aurkeztu dira aurten, San Joan jaietako kartel lehiaketan, eta San Joane­tako Jai Batzordeak lau lehenetsi zituen. Horien artean, Miren Saenz de Urturi Erize, 25 urteko hernaniarraren kartelak jaso ditu herritarren boto gehien; botoa eman duten 604 herritarren arteko 292 botok jo dute bere kartela, irabazle.

Pozik jaso du berria, «ezin sinestuta», eta ideia «garagardo arteko arratsalde batean sortu» zitzaiola aitortu du.


Aurreneko aldia da lehiaketan aurkezten zarena?

Duela hiru urte ere aurkeztu nin­tzen, baina ez nengoen konbentzituta. Eta urtero, konbentzituta geratzen ez nintzenez, ez nintzen aurkezten. Ni ez banago seguru, nola gustatuko zaio inorri? Baina aurten poxpoloaren kontua bu­ruratu zait. Arra­tsa­lde batean sortu zitzaidan ide­ia, garagardo artean, eta ho­rre­la hasi nintzen. Axeria ere sar­tzeko, lagun batek gomendatu zidan.


Gomendioak ere kontuan izan dituzu, orduan. Horrek hasierako ideia aldatuko zuen. Zein izan da prozesua?

Erretzailea naiz, eta metxerorik ez nuen batean, poxpoloa erabili nuen, eta ikusi nuen nola kontsumitzen zuen suak poxpoloa. Gero, kartel lehiaketa bazela entzutean pentsatzen hasi nintzen. Hasieran, suarekin bakarrik, sosoa geratzen zen kartela. Probak egin nituen horrela, sua jarri eta kendu, kea gehitu edo ez, San Joa­ne­ta­ko egunak pasa ahala poxpoloa nola kontsumitzen den eraku­tsi... Axeria ez diot gehitu azken momentura arte. Lagun batek esaten zidan San Joanetako kartelean, suaz gain, udaletxea edo axeria agertu behar direla. Beti agertzen direla. Eta horrela jarri nuen axeria. Kaña ba­tzuk zor dizkiot!


Zein teknika erabili duzu?

Photoshopa. Argazkiak egiten hasi nintzen, suarenak, baina ez zen ondo geratzen. Pho­to­shoparekin moldatu naiz.


Zerikusirik badu diseinuak zure lanbide edo ikasketekin?

Barne-diseinua ikasi dut, baina diseinu grafikoa ere gustukoa daukat eta nire kabuz ibili izan naiz zerbait ikasi eta proba­tzen, photoshopa eta antzeko tresnak nola erabili ikasten...

«Garagardo arteko arratsalde batean sortu zen ideia»


Kolore beltza ez da jaiekin askotan lotzen. Nolatan erabili duzu karteleko kolore nagusi bezala? 

Xumea, minimalista egin nahi nuen. Ez dakit San Joan jaietako egunen zenbakiekin ulertu den ideia; suak poxpoloa kon­tsu­mi­tzen du jai egunak pasa ahala. Ez da Inauterietako kartela. Hor ko­lore gehiago izaten da. Iru­di­tzen zait beltzak eleganteago egi­ten dituela sua eta axeria, ho­rie­tan zentratzen dela horrela kartela.


Axeria eta sua dira San Joan jaietako ezaugarri esanguratsuenak? Zer duzu zuk gustukoen? 

San Joanak asko gustatzen zaizkit. Koadrilen eguna dut gustokoen, 25a de nire eguna, horregatik jarri dut sua erdiraino. Baina axeri dantzarekin ere lotzen ditut San Joanak. Sua ere ikusten dut, baina axeri dantzarekin lotzen ditut gehiago. Txi­kitatik izan dut ohitura goizean jaiki eta ikustera joateko.


Espero zenuen saria? Animatuko zara gehiagotan?

Beldurra banuen. Nire ustez ba­zeuden oso kartel onak, kolore­tsuak, eta nirea beltza izateak zalantza sortzen zidan. Baina asko poztu nintzen jakitean! Ezin nuen sinestsu! Orain gogoa badaukat diseinuaren munduan gehiago sartzeko. Oraingoz ez dut ezertan pen­tsatu, baina ikusiko da! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!