Gainontzeko kiroletan ligak bukatzen ari diren bitartean, pelota mundua bete-betean dago murgilduta txapelketa garrantzitsuetan. Herriartekoa jokatuko dute gaur astigartarrek gomazko paleta modalitatean; eta Hernanin, Berria txapelketaren kanporaketa faseko beste jardunaldi bat izango da bihar.
Donostiaren aurka, Astigarraga
Herriartekoarekin daukate zita gaur Astigarragako palistek. Gomazko paleta modalitatean, final zortzirenetako joaneko partidua jokatuko dute gaur etxean, Donostiaren kontra. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da, Txomiñenean.
Eskolartekoan, Hernaniko bi bikote finalera iritsi dira, eta Ereñotzun ariko dira gaur, elkarren kontra.
Ilunpe eta Buruzgain aurrez aurre, bihar
Hernanin, Berria txapelketak hartuko du kiroldegiko frontoia, bihar. Goizeko 11:00etatik aurrera, Azpeitiako Ilunpe eta Ultzamako Buruzgain jarriko dira aurrez aurre, beste kanporaketa batean.
Txapelak irabazteko faboritoen artean daude biak, gainera. Jubenilen partidua da nabarmentzekoa; bertan lehiatuko baitira Unai Alberdi (Ilunpe) eta Aingeru De la Fuente (Buruzgain), kategoriako aurrelari onenak, eta jada profesionalen enpresekin aurrekontratuak dituztenak.
Eskolarteko paleta txapelketako finalak, gaur
Baina Hernani eta Astigarragan bakarrik ez, Ereñotzun ere izango da pelotaz gozatzeko aukerarik, Gipuzkoako Eskolarteko Paleta Txapelketako finalak izango baitira. Arratsaldeko 16:00etan hasita, hiru partidu izango dira ikusgai. Aurrenekoa, mutil alebinena: Zumaia 2 (Cabaleiro-Carballo-Garikano), Aia 2 (Hoyos-Alustiza)-ren kontra. Bigarrena, neska alebinena: Aduna 1 (Zabala-Iruretagoiena-Navarro), Zumaia 1 (Etxabe-Aldazabal-Aldazabal)-en aurka. Eta azkena, infantil neskena: Hernani 2 (N. Barrenetxea-Macicior-Kerejeta), Hernani 4 (A. Barrenetxea-Iriondo-Tolaretxipi)-ren kontra.